ICML kongresuan parte hartu dute Maialen Iñarrak eta Imanol Larreak, Galesen

Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Kongresua (ICML) arlo honetan tradizio handieneko kongresua da, hain zuzen ere, XIX. edizioa izan da aurten Galeseko Carmarthen herrian egindakoa. Hiru eguneko egitarauan antolatutako 100 aurkezpen baino gehiago egin dira eta 200 ikerlari baino gehiagok parte hartu dute. Hizkuntza gutxituen inguruko denetariko gaiak landu ziren kongresuan, esate baterako, hiztunen hizkuntza-eskubideak, hizkuntza paisaia, hizkuntza ideologiak, hezkuntza, hedabideak, hizkuntza indigenen komunitateak, garapen iraunkorra…

Maialen Iñarra Arregik “Observing oral language use: a methodological proposal” izenburuko hitzaldia eman du hizkuntzen erabileraren kale neurketako metodologiaren inguruan. Imanol Larrea Mendizabalek “New approaches to answer new research questions in minority‐language contexts: Basque, Welsh and Irish” izeneko panelean parte hartu du, Soziolinguistika Klusterraren esperientziatik hizkuntza gutxituetako ikerketan jarduteko modu berriez hausnartuz. Gainera, “How to change language habits in Wales and in the Basque Country: a joint perspective” hitzaldia eman du, 2022ko udazkenean Etxepare Institutuaren eskutik Galesen egindako Alan R. King Katedrako egonaldiaren emaitzak azaltzeko.

Soziolinguistika Klusterreko kideez gain, Euskal Herriko hamarnaka ikerlarik parte hartu zuten kongresuan, besteak beste Elebilab, Nor, Equiling eta Dream ikerketa taldeetako kideek.

Hurrengo edizioa 2025ean Bogotan izango dela iragarri zen, Galeseko kongresuaren amaieran.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN