Ahozko komunikazioa lantzeko Berba-lapiko metodologia aplikatu dute EAEko 34 ikastetxek

Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara arteko taldeetan, gela barruan eta modu sistematizatuan aplikatu da metodologia, 8 astez, apirila eta ekaina bitartean. Ahozko komunikazioa eta euskararekiko atxikimendua lantzeko metodologia gelan aplikatu duten irakasleek berariazko prestakuntza jaso zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hizkuntza Normalizaziorako aholkulariengandik.

Ikasturte amaieran irakasleek proiektuari buruz egiten duten balorazioa jaso da, inplementazio fasean bizitakoaren berri edukitzeko. Bildutako ekarpenak baliagarriak izango dira datorren ikasturteari begira, metodologian eta materialetan egokitzapenak egiteko.

Berba-lapiko ikerketa-proiektua hezkuntzaren esparruan euskararen erabileran eta konpetentzian sakontzeko proposamena da, batik bat testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako ikasleei bideratua. 2017-18 ikasturtean, Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) zuzendaritzarekin, bi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako etapan abiatu zuen proiektua. Geroztik, euskararen ahozko konpetentzia praktikoa eta eraginkorra lortzeko, irakasleen  formakuntza lantzen eta, ikerketaren bidez, metodologia berritzen jardun du.

Bi ikastetxetan garatutako metodologia EAEko 17 ikastetxetan aplikatu zen 2021/2022 ikasturtean. Aurten, 2022/2023an, lehengo 17ei beste 17 ikastetxe batu zaizkie, eta denera 34 izan dira metodologia inplementatu dutenak. Multzo handi horretan gauzatu den Berba-lapiko ildo orokorraz gain, ikastetxeetako batzuk Berba-lapiko 2.0 ildoa osatu zuten, proiektua inplementatu ondorengo inpaktua eta aldaketak neurtzeko irakasleengan eta ikasleengan. Gainera, hiru ikastetxetan Berba-lapiko 3.0 ildoa abiatu da, begirada longitudinala txertatzeko; ikasleen urtez urteko garapen aztarnak aztertzearekin batera, lau urtez metodologia inplementatu ondoren, ikasleen ahozko gaitasunean duen eragina neurtzeko.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN