Hiru eskolatan hizkuntza aniztasunaren inguruko iritziak jasoko ditu Soziolinguistika Klusterrak, Garabiderekin abiatutako proiektuaren baitan

Garabide Elkartearen Munduko hizkuntza gutxituak protagonista EAEko hezkuntza komunitateen eraldaketan proiektuaren helburua EAEko 3 hezkuntza-komunitate formatzea eta aktibatzea da. Horretarako, herri indigenei eta hizkuntza gutxituei buruzko kontzientzia kritikoa sustatuko du giza eskubideen, generoaren eta ingurumenaren ikuspegitik.

Hori lortzeko proiektuak distantzia luzeko begirada zuzenduko die hegoaldeko herrialdeei eta, distantzia laburrekoa, ikastetxeetan bertan eta, ondorioz, euskal gizartean oro har dauden hizkuntzei eta kulturei. Soziolinguistika Klusterrak gai horien inguruan ikertuz egingo dio ekarpena proiektuari. Ikerketa Araian, Galdakaon eta Bilboko eskola banatan egingo da.

Ikerketarako teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliko dira ikasleen, irakasleen, zuzendaritzaren eta gurasoen iritziak aztertzeko; inkestak, eztabaida taldeak eta elkarrizketa sakonak egingo dira, baita ikasleekin partekatutako zirkuluen ariketak ere.

Aztertuko diren gaiak lau multzotan sailka daitezke:

  • Norberaren hizkuntza-biografia
  • Munduko hizkuntza aniztasuna
  • Tokiko hizkuntza aniztasuna
  • Eskolako hizkuntza aniztasuna

Klusterrak egindako ikerketatik abiatuta, hizkuntza aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko formakuntza eta esku-hartze egitasmoak diseinatuko ditu Garabidek, proiektuaren hurrengo urratsetan gauzatzeko. Hezkuntza komunitateko eragileen elkar hartzea bilatuko da aipatutako egitasmoen bidez, immigranteen parte-hartzea, eskolaratzea, harrera-jarreren eta –portaeren inguruan gogoeta piz dadin.

Proiektuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantziazioa jaso du.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN