EAEko 40 eskolatan inplementatuko da ahozko komunikazioa lantzeko Berba-Lapiko proiektua 2023/2024 ikasturtean

Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen (HUHEZI) zuzendaritzarekin 2017/2018 ikasturtean abiatutako Berba-lapiko proiektuak garatzen eta zabaltzen jarraitzen du. Ikasturte honetan 10 ikastetxe berritako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan aplikatuko da proiektu honen baitan sortutako metodologietako bat. Zehazki, aurten lehen aldiz, egitasmoa abiatuko den ikastetxeetan LH1 eta LH2ko irakasle eta ikasleekin lan egingo da; aurreko ikasturteetatik parte hartzen ari diren ikastetxeetan, berriz, LH1, 2, 3 eta 4koekin jardungo da. Arabako 10 ikastetxe, Bizkaiko 18 eta Gipuzkoako 11 ikastetxetan 4.000 ikasle baino gehiago dituzte proiektuan parte hartuko duten ikasgelek.

2024ko martxora arte Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko Aholkulariak proiektuan parte hartuko duten ikastetxeetako irakasleen formazioaz arduratzen ari dira. 3 saioko formakuntza-ibilbidea izango da, eragingune edo zonalde bakoitzeko ikastetxeekin landuko dena. Ahozko hizkuntzaren didaktikaren oinarriak landuko dira, testuinguru soziolinguistikoa oinarri hartuta.

Horrez gain, “hizkuntza-errutinak metodologia” azalduko da eta maila bakoitzeko material didaktikoa ezagutuko da. Amaitzeko, material didaktikoa inplementatzeko gakoak eta elkarrekintza estrategiak partekatuko dira.

Apiriletik ekainera bitartean formazioa jaso duten irakasle horiek izango dira 8 astez Berba-lapikoko metodologiak ikastetxeetan inplementatzearen arduradunak. Aurreko ikasturteetan izandako esperientzietan ikusi ahal izan da Berba-lapikon ahozkotasuna erdigunean jarrita proposatzen diren esku hartzeak eraginkorrak direla ikasleen euskarazko gaitasuna, erabilera eta euskararekiko jarrera jorratzeko. 2023/24 ikasturte honetan ere, inplementazioan parte hartuko duten zenbait ikastetxeri jarraipen berezia egingo zaie metodologien eraginkortasuna ikertzeko egitasmo gisa.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN