Euskal Soziolinguistika Jardunaldia apirilaren 23an izango da Gasteizen

  • 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia apirilaren 23an izango da Gasteizko Europa Jauregian
  • “Ekosistema bizia” leloarekin euskal soziolinguistikaren bueltan diharduten pertsona eta eragileen aniztasunari eta elkarlanari egiten zaio erreferentzia.
  • Hitzaldiak, aurkezpen laburrak, tailerrak eta mahai-inguruak biltzen ditu egitarauak eta profil anitzeko parte hartzaileei zabalik dago: ikerlariak, teknikariak, aktibistak, erakunde arduradunak…

“Ekosistema bizia” leloarekin aurkezten da aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia. Soziolinguistika Klusterrak 20 urte betetzen dituenean, euskararen biziberritzea ezagutza soziolinguistikoz elikatzen duten eragileen multzoari begiratzeko baliatuko da eguna. Jardunaldiak bilgune izan nahi du, euskal soziolinguistikaren jarduna aztertzeko eta datozen urteetako erronken inguruan elkarrekin hausnartzeko.

Hizkuntza gutxituen inguruan azken urteetan agertzen eta zabaltzen ari diren diskurtsoei eskainiko zaizkie saio batzuk. Bartzelonako Unibertsitateko Avel·li Flors ikerlariak katalanaren inguruko panoramaren argazkia aurkeztuko du.  Euskararen gaineko diskurtso emergenteei dagokionez, Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarenak helduko diote gaiari, ikuspegi desberdinetatik egindako ekarpenez osatutako panelean.

Jardunaldiko parte hartzaile guztiak lanean jarriko dira tailerretan. Hiru taldetan banatuta landuko dira hezkuntza soziolinguistikoa, immigrazioaren integrazio soziolinguistikoa eta kirol antolatuak euskararen biziberritzean izan dezakeen lekua. Tailer hauetan adituak eta arituak elkartuta ondorio interesgarrietara heltzea da helburua.

Arratsaldean, berriz begiratuko da katalanaren bueltan diharduten eragileetara eta iker-lerroetara Avel·li Florsen bigarren aurkezpenaren bidez.

Jarraian Soziolinguistika Klusterraren 20. Urteurrena aitzakia gisa hartuz, hurrengo hamarkadatan euskal soziolinguistikak dituen erronken inguruan jardungo dute Manex Agirrek, Maddi Etxebarriak eta Jon Mentxakatorrek, Rosa Ramos gidari dutela.

Eguna amaitzeko, Soziolinguistika Klusterraren zuzendari Imanol Larreak hartuko du hitza euskara biziberritzeko ikergunetik etorkizunera begira zenbait gako nabarmentzeko.

50 euroko prezioa du matrikula arruntak (bazkaria barne); 30 euroko prezio murriztua dago ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat. Apirilaren 18ra arte eman daiteke izena.

Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren babesa jaso du.

Informazio gehiago, egitarau osoa eta izen ematea: www.soziolinguistika.eus/jardunaldia

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN