Soziolinguistika Klusterraren 2023 urteko txostena ikusgai

Soziolinguistika Klusterrak 2023an garatutako 22 proiektuen gaineko informazio laburra biltzen du txostenak, besteak beste. Erakundearen barne-egiturei eta barne-dinamikari lotutako informazioa ere irakur daiteke bertan. Horrez gain, aurkezpen eta hitzaldi publikoak, lankidetzak eta bertako zein nazioarteko eragileekin harremanak azaltzen dira.

Hitzaurre gisa Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Mertxe Mugikak 2023ari buruz idatzitako testua dakar txostenak:

Euskararen biziberritzearen alde lanean dihardugunon artean handia da parez pare ditugun erronken kontzientzia. Munduko hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituen etorkizuna mehatxatzen dute gaur egun indarrean dauden hamaika joera sozial, ekonomiko, kultural eta ekologikok. Euskararen biziberritzearen aldeko bulkada bere bidea oztopatzen duten indarrekin kontrajartzen da eta gizartea eraldatzea bilatzen du gaur egungo eta biharko baldintza sozialetan euskaraz bizitzea posible izan dadin.

Esan daiteke hiru ardatzetan adi egotea eta lan egitea dagokigula horretarako. Batetik, hiztun-komunitatearen egoeraz jabetu behar dugu. Euskaldunak zenbat garen, zenbat erabiltzen dugun hizkuntza bakoitza, zertan dihardugun, nondik nora gabiltzan, hazten edo murrizten ari ote garen… Adierazle soziolinguistikoen jarraipena, hizkuntzen erabileraren kale neurketak, unibertsitatekoak, kirol esparrukoak, hizkuntza aniztasunaren mapak eta abar funtsezko tresnak dira egoeraren argazki ahalik eta fidelena eskuratzeko. Eta behar dugun heinean fokua dagokion interes–gunean finkatu eta gertatzen ari denari gertuagotik begiratzeko.

Bigarrenik, hizkuntza biziberritzearen testuinguruan hiztunen bizipenak ahalik eta hobekien ulertzeko saiakera egin behar dugu. Eta bizipen horiek ulertzetik, egoeran esku hartzeko gakoak identifikatzea litzateke helburua. Eskolak euskaldundutako belaunaldiak gurasotasuna bizitzeko duen modua ulertu, ingurune erdaldunenetan ahozkotasuna egoki lantzearen potentziala ustiatu, hizkuntza ohiturak aldatzeko mekanismoak martxan jarri, euskararen erabilera erraztuko duten babesguneak bilatu, erakunde-kulturan hizkuntza kudeaketa barneratzea bultzatu… Ezagutza berria sortu eta tresna praktiko eraginkorretan bilakatzea funtsezkoa izango da.

Hirugarrenik, ustez soziolinguistikaren eremutik kanpokoak diren joerei erreparatzea dagokigu. Gure bizimoduan eragin esanguratsua izan duten, duten edo izango duten denetariko joeren alderdi soziolinguistikoaz ari gara. Globalizazioak edo digitalizazioak azken hamarkadatan bizitzeko modua eta pentsatzeko modua moldatu digutela ikusten dugun bezala, etorriko diren fenomeno esanguratsuenei erreparatu behar diegu, euskara erabiltzerakoan alda ditzaketen baldintzak aztertzeko. Eremu honetan kokatzen da hizkuntza teknologien inpaktuan sakontzeko ahalegina edo hirigintzaren bilakaerak herri ertainetan ekarri duenari begiratzea.

Soziolinguistika Klusterra sortu zenetik oinarri gisa funtzionatu duen printzipioa da honetarako guztirako elkarlanean diharduten pertsona eta eragileen sare trinkoaren beharra. Ezagutza zientifikoa sortzeko, eremu aplikatura eramateko, harremanak errazteko, eztabaidak ebazteko eta norabideak argitzeko ahulegiak gara isolatuta bagabiltza. Honengatik guztiagatik dihardugu euskal soziolinguistika ezagutzaren sistemak funtsezkoak dituen topalekuak, hedabideak eta elkarlan guneak amesten, pentsatzen, bultzatzen eta eraikitzen. Orri hauetan ikus daitekeen bezala, horretan jardun dugu 2023an eta bide berari eustea da aurrera begirako asmoa.

Mertxe Mugika Balanzategi. Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN