Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareak (NPLD) eta Coppieters Fundazioak urtero antolatu ohi duten Campusa azaroaren 13 eta 14an egin da Institut d’Estudis Catalans-en Bartzelonako egoitzan, Kataluniako Generalitatearen laguntzarekin. Europako hizkuntza gutxituen eta gutxiengo linguistikoen ordezkari instituzionalak, akademikoak, ikerlariak eta aktibistak elkartu dira, digitalizazioak eta adimen artifizialak dakartzan erronkak eta aukerak aztertzeko.
Bi eguneko egitarau betean, aurkezpen laburren bidez, denetariko edukiak landu dira. europako hizkuntza gutxituen esparruan hizkuntza-teknologiei dagokienez egoeraren panoramika emateko balio izan dute batzuk; azkenaldiko garapen teknologikoak aurkeztu dira; politika publikoetatik egiten ari dena eta egin daitekeenaz hitz egin da; garapen teknologikoaren ondorio soziolinguistikoei erreparatu zaie; eta aurrera begira datorrena kontuan hartzeko zenbait gako ere azaldu dituzte hizlariek. Saioen bideo grabazioak ikusgai daude katalanez eta ingelesez.
Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larreak eta Asier Basurtok parte hartu dute Campusean. Bigarren honek Itzulinguru proiektutik eratorritako zenbait ondorio aurkeztu ditu “Neural machine translation and the effects on language use” hitzaldian. Aurkezpen laburra izanik, proiektuaren emaitza nagusietan eta ondorioetan jarri da arreta bereziki. Euskal Herriko beste hainbat erakundetako kideak ere izan dira Campusean eta horietako batzuk euren lanaren berri eman dute: Hitz zentroko Eneko Agirrek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Aitor Aldasorok eta Orai zentroko Aitzol Astigarragak.
Campusaren bezperan, NPLDren Zuzendaritza Batzordearen bileran eta unibertsitate zein ikerguneak biltzen dituen UniNet sarearen bileran parte hartu du Imanol Larreak Soziolinguistika Klusterraren ordezkari gisa. Hurrengo hilabete eta urteetarako proiektuen lanketarako aukera eman dute bilera hauek; besteak beste, digitalizazioa eta adimen artifizialarekin lotutako ikerlerroak garatzeko urratsak irudikatzeko.