jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gidaren online aurkezpen laburra otsailaren 20an

Pasa den azaroaren 22an aurkeztu zen Donostiako Tabakaleran jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida. Erakundeek komunikazio publikoa euskaraz (ere) egitea erraztu nahi duen gida da. Kontsultarako tresna bat da, erabiltzailearen behar eta baldintza desberdinetara egokitzeko bokazioz sortu dena. Gaiaren inguruko eduki ugari biltzen dira modu irekian eta doakoan.

Erakundeek komunikazio publikoa modu erosoan eta eraginkorrean egiteko, ezinbestekoa da hizkuntzak egoki kudeatzea. Gure testuinguruan, horrek barne hartzen du euskarari dagokion tokia ematea enpresen, administrazio publikoen, kultur eragileen, kirol taldeen eta denetariko elkarteen komunikazioan. Erakunde horietako arduradunek, komunikazio arloko profesionalek, eledunek eta euskara-teknikariek hamaika erronka eta zalantza aurkitzen dituzte. Zer egin sare sozialetan? Nola prestatu eledunak? Nola kudeatu hizkuntzak ekitaldi handietan? Zein irizpide erabili hedabideekin? Gida hau erantzunak bilatzen laguntzeko tresna da.

Online aurkezpen laburra antolatu da Gidaren filosofia eta ezaugarri nagusiak azaltzeko. Aurkezpen mota honen bidez, tresna modu eroso eta ari batean ezagutzeko aukera eskaini nahi zaio interesa izan dezakeen ahalik eta pertsona gehienei. Saioak 45 minutu iraungo ditu, otsailaren 18 baino lehen izena ematea beharrezkoa da, eta inskribatutakoek posta elektroniko bidez jasoko dute parte hartzeko esteka.

Izena emateko, bete beheko galdetegia eta sakatu BIDALI botoia:

Jendaurrean Erabili proiektua

Jendaurrean Erabili proiektuan jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak landu dira. Proiektua 2015an martxan jarritako Praktika Komunitatearen inguruan artikulatu da. Izaera eta alor desberdinetako erakunde sozial, pribatu eta publikoak bildu dira bertan, euskarazko komunikazioaren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko.

Praktika Komunitateak bere jarduera aurrera eramatearekin paraleloan, jardun horrekiko bi norabideko harremanean, ikerketa taldeak hainbat ikerketa-lan garatu ditu urteotan eta horietatik mota askotako emaitzak sortu dira: txostenak, artikulu zientifikoak, kongresuetako aurkezpenak, hitzaldien bideoak…

Proiektuaren erakunde sustatzaileak izan dira: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea

Proiektuaren aro eta aldi desberdinetan ikerketa-taldeko kide izan dira: Irati Agirreazkuenaga (UPV/EHU), Uxoa Anduaga (Soziolinguistika Klusterra), Eduardo Apodaka (UPV/EHU), Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra), Kontxesi Berrio-Otxoa (UPV/EHU), Idurre Eskisabel (UPV/EHU), Inazio Marko (UPV/EHU), Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) eta Beatriz Zabalondo (UPV/EHU).

Proiektuaren ibilbidean praktika Komunitateko kide izan dira: Adegi, AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Athletic Club, Bai Euskarari elkartea, CAF, Donostia Zinemaldia, Donostiako Udala, EITB, ELA sindikatua, Elhuyar, Emun, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Legebiltzarra, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa, IMH-Makina Erremintaren Institutua, LAB sindikatua, Malerrekako Mankomunitatea, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad eta Sakanako Mankomunitatea.

Proiektuaren babesleak izan dira: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN