Euskararen eremu osoan hizkuntza-egoera sozialaren berri emango duen adierazle-sorta da Euskararen Adierazle Sistema (EAS) Euskararen egoera eta bilakaera ezagutzera emateko helburua du, eta gizartearen jardungune ezberdinak ditu aztergai: familia, hezkuntza, helduen euskalduntzea, administrazioa, sozioekonomia, kultura, hedabideak, aisialdia, ingurune digitala edota soziodemografia.
Sistematikoki eguneratzen dira adierazleak, eta aldian behin adierazle berriak ere gehitzen dira. Azken hilabeteotan, besteak beste, Inkesta Soziolinguistikotik eratortzen diren adierazle batzuk banakatu dira gune soziolinguistikoen arabera; Biztanleria eta Etxebizitzen Zentsuko datu soziolinguistikoak Arabako kuadrillen arabera jaso dira; Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako udalerrien datu soziodemografikoak xehetu dira adina eta sexuaren arabera; edota aisialdiko adierazle berriak sortu dira.
EAS proiektuaren sustatzaileak dira Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektuaren hastapenetik Soziolinguistika Klusterrak aholkularitza teknikoa ematen du Jarraipen Batzordean, Talde Eragilean eta arlokako lantalde batzuetan.