Aldahitz Ikerketa hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen proiektua da, arreta berezia jartzen duena euskararen norabidean gertatzen diren prozesuetan.
Izaera aplikatua duen ikerketa garatzen da proiektuan nagusiki, eta horretarako, erakundeen eta ikerlari-teknikarien sare bat dago eratua, ohituren aldaketarako metodologiak eta ezagutza garatzeko baliatzen dena (metodologien prototipoak, proba pilotuak, ezagutzaren eta tresnen garapena, ikerketa, zabalkundea…).
Eusle metodologia da hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak errazteko proiektuan sortutako lehen tresna (2012). Metodologia hori lan munduan erabiltzeko diseinatuta dago, kide guztiek euskaraz ulertzen duten talde naturaletan. Ulerrizketa metodologia da ohituren aldaketa errazteko garatu eta zabaldutako bigarren tresna (2019). Euskaraz ulertzeko tarteko maila duten lankideekin baliatzeko sortua da, inguruan dituen lankide euskaldunekin euskarazko erabilera abiatu ahal izateko.
Aipatu bi tresnak, eta oraindik garapen fasean dagoen hirugarren metodologiak (Uler-saioak metodologia) elkarren osagarri izateko moduan diseinatu dira, erabiltzaileei hizkuntza-ohituren aldaketarako sistema integrala eskaini nahian. Hau da, bere erakundean euskararen aldera ohituren aldaketa sustatu edo erraztu nahi duenarentzat tresna ezberdinak eskaintzea, elkarren osagarriak, eta beharren arabera bat edo beste erabiltzeko moduan.
EUSLE METODOLOGIA
Eusle metodologia hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesua errazteko metodologia da. Lan munduan erabiltzeko sortua da, elkarren artean harremana maiz duten kideek osaturiko talde naturaletan. Talde-erabakian oinarrituriko esperientzia bidez garatzen da (borondatezkoa), eta eusle-aren figura baliatzen du, taldeko hainbat hizkuntza-ohitura urratzeko eta euskararen aldera aldatzea eta finkatzea errazteko.
Metodologia sinplea da, laneko eguneroko harremanean bertan garatzen dena (formazio, bilera edo klaseen beharrik gabe). Bi baldintza bete behar dira talde batean metodologia hau aplikatu ahal izateko: gehiengoaren borondatea (%75) eta taldeko kide guztiak gai izatea euskaraz elkarrizketa arrunt bat ulertzeko.
Argitalpenak
Aldahitz Ikerketa – Eusle metodologia esperientzien emaitzak 2013-2016Egileak: Pello Jauregi Etxaniz, Pablo Suberbiola Unanue |
|
Aldahitz ikerketa 2014 – Eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduanEgileak: Pello Jauregi Etxaniz, Pablo Suberbiola Unanue 2015eko otsaila |
ULERRIZKETA METODOLOGIA
Ulerrizketa metodologia hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesua errazteko metodologia da. Bi perfileko hiztunak aritzen dira elkarrekin metodologia honetan: euskaraz ulertzeko tarteko maila duen kidea batetik, eta bestetik euskaraz hitz egiteko maila ona duten kideak.
Trebetasun bana garatzen dute bi perfiletako kide horiek metodologiaren baitan, eta horri esker haien arteko harremana euskaraz izaten hasteko aukera zabaltzen da. Tarteko ulermena duen kideak euskara modu aktiboan ulertzeko jarrera garatzen du, eta aldiro ulertu duenaren gaineko feed-back-a ematekoa (euskaraz zein gaztelaniaz). Hitz egiteko gaitasun ona duten kideek, bestalde, haien hizkera egokitzeko trebetasuna garatzen dute, euskaraz jarraituz, eta modu horretan maiz ele biko elkarrizketak sortuz.
Aipatu trebetasun horien lehen oinarria jasotzeko, formazio labur bat jasotzen dute kideek (2 eta 4 ordu artekoa), eta ondoren oinarri hori garatzen eta osatzen dute haien arteko ohiko harremanean (bestelako saiorik edo aparteko bilerarik gabe).
Argitalpena
|
Aldahitz ikerketa – Ulerrizketa metodologiaEgileak: Pello Jauregi Etxaniz, Pablo Suberbiola Unanue 2019ko urria |
ULER-SAIOAK METODOLOGIA
Uler-saioak metodologia euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinaturiko metodologia da. Helburua da norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten.
Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena. Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesu edo diseinu bat proposatzen du denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskura dezaten.
Argitalpena
Aldahitz ikerketa – Uler-saioak metodologia. Ulermena garatzeko estrategia soziolinguistikoak Egilea: Pello Jauregi Etxaniz Argitaratzailea: Soziolinguistika Klusterra ISBN: 978-84-943708-9-2 Argitalpen digitala 2020ko ekaina Eskuratu argitalpena pdf-n |
Aldahitz ikerketa – 2020-2021 artean egindako esperientziei buruzko azterketa Egileak: Pello Jauregi Etxaniz eta Pablo Suberbiola Unanue Argitaratzailea: Soziolinguistika Klusterra Argitalpen digitala 2023ko abendua Eskuratu argitalpena pdf-n |
Aurkezpen mintegia
Erreportajea ETBn
ELKARRIZKETA (TU LANKIDE)
Aldahitz Ikerketako hiru metodologien gako eta ezaugarri nagusiak modu laburrean ezagutzeko, TU Lankide aldizkarian Pablo Suberbiola eta Amaia Balda proiektuko kideei egindako elkarrizketa honetara jo dezakezu:
ALDAHITZ 2011 - ONDORIO NAGUSIEN TXOSTENA
Aldahitz (2011). Ondorio nagusien txostena (56 orr.)
ALDAHITZ 2014: EUSLE METODOLOGIA ETA ABAR. HITZALDIAREN BIDEOA
BIKOTEEN ARTEAN HIZKUNTZA OHITUREN ALDAKETA. IKERKETA-LANA (2009)
ULERRIZKETA ETA EUSLE METODOLOGIEN MINTEGIA (GASTEIZ, 2019/10/30)
Aldahitz proiektua 2010. urtetik dago martxan Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean. Urriaren 30ean Gasteizko Goiuri Jauregian proiektu horretan gaur arte hizkuntza-ohiturak aldatzeko garatutako bi metodologiak gertutik ezagutzeko aukera izan da.
Goiz osoko lan mintegian, proiektuaren garapenean diharduen lantaldeak jardun du egindako lanaren berri ematen. Nerea Ibarluzea (Ahize-AEK) eta Estiñe Astorkiak (Artez) azaldu dute nola osagarritzen diren Aldahitzeko tresna metodologikoak sistema integral bat osatuz.
Pello Jauregik, proiektuaren zuzendariak, Ulerrizketa metodologiaren oinarriak eta erabiltzen dituen irizpideak azaldu ditu. Euskaraz ulermen maila ertaine dutenekin euskaraz egitea ahalbidetzen duen tresna da ulerrizketa. Berriki kaleratu den argitalpena, metodologia praktikan jarri duten pertsonen lekukotzak eta formazio gisa baliatzeko bideo-tutorialak ere aurkeztu dira saioan.
Proiektuaren koordinatzaile den Pablo Suberbiola Eusle metodologiaren aurkezpenaz arduratu da. Badira urte batzuk metodologia gisa argitaratua izan zenetik eta erabili zain duten lantokietako pertsonen lekukotzak ezagutzeko aukera ere izan da.
Amaitzeko Kristina Pavo (Emun) eta Juanjo Perezek (Elhuyar) bi metodologia hauetan oinarritutako esperientziak martxan jartzeko urratsak errepasatu dituzte, arrakastarako zenbait gako azpimarratzearekin batera.
140 pertsona inguru izan dira mintegian partaide. Euskara planak kudeatzen dituzten aholkularitzetako kideak, administrazio publikoko teknikariak, lan-munduko denetariko eragileak, hizkuntza-politikako eragile eta arduradunak…
Eusle eta Ulerrizketa metodologiekin lotutako mateialak (argitalpenak, bideoak…) eta mintegiko aurkezpen nahiz bideoak eskuragarri daude Soziolinguistika Klusterraren webguneko Aldahitz proiektuaren atalean.
AURKEZPENAK (PDF)
EUSLE METODOLOGIAREN AZALPENA (2018/03/01 INFORMATIKA FAKULTATEA (EHU) - DONOSTIA)
JMAKO TESTIGANTZA (BIDEOA)
HEMEROTEKA
Erreportajea GAUR8 astekarian: Ariketa erraz bat lankideekin euskaraz mintzatzen laguntzeko. Maider Iantzi 2017/09/30
Erreportajea ARGIA astekarian: Beti euskaraz egingo lizukeen lankidea egunero alboan bazenu zuk zer egingo zenuke? Onintza Irureta 2016/01/31
PROIEKTUAREN ANTOLAKETA
Proiektuaren Garapen Taldea:
- Pablo Suberbiola – Soziolinguistika Klusterra (zuzendaria)
- Pello Jauregi – Euskal Herriko Unibertsitatea (aholkularia)
- Nerea Mandiola – Artez
- Nerea Ibarluzea – Ahize-AEK
- Maite Unzalu – Elhuyar aholkularitza
- Malen Eugi – Nafarroako Gobernua
- Sonia Isasi – Eusko Jaurlaritza
- Nekane Jauregi – Gipuzkoako Foru Aldundia
- Jone Urkizu – Emun