Euskaini, euskarazko eskaintzaren adierazlea, Catalunyako Consorci per la Normalització Lingüísticak sorturiko Ofercat adierazlean oinarrituta Euskal Herrirako prestaturiko egokitzapena da. Euskainiren bitartez, konplexua den errealitate bat (herri bateko hizkuntza eskaintza) modu sinplean eta indize zehatzen bidez adierazi dezakegu. Eskaintza publikoa neurtzen du, alegia, gizartearen sektore ezberdinetan (administrazioan, ekonomian, hedabideetan, e.a.) topatzen dugun hizkuntza eskaintza zenbatekoa den. Argazki moduko bat eskaintzen digu, zehatza eta konparagarria. Hizkuntza plangintzarako tresna baliagarria da, bereziki udalerri mailan, alderatzeko sektoreka aztertzeko eta bilakaerak ikusteko aukera ematen baitu.
Catalunyatik Euskal Herrirako egokitzapena SEI elkarteak landu ostean, gaur egun Soziolinguistika Klusterra da zerbitzu gisa Euskaini neurketak udalei eskaintzen dizkiena.
Azpeitian, Laudion, Arrasaten, Durangon eta Hernanin egin izan dira Euskaini neurketak, eta baita Oarsoaldean ere (Lezo, Pasaia eta Oiartzun udalerrietan). 2008an Arrasaten bigarren aldiz eta Elgoibarren jasotako datuak 2009ko honetan aurkeztuko dira. Horrez gain, Hernanin eta Azpeitian ere bigarren aldiz ari dira herriko euskarazko eskaintza neurtzen.