Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Gazteak eta euskara Gasteizen

 

Gasteizko gazteriaren profil soziolinguistikoan aldaketak eman dira eta ematen ari dira. Aldaketa horiek ulertu eta kontuan hartzen hastea, ezinbesteko zeregina da hizkuntza-plangintza egokia eta eraginkorra garatzeko.

Gasteizko Udalak, bai Euskara Zerbitzuak eta baita Gazteria Atalak ere, gazteak eta euskarari buruzko helburu espezifikoak dauzka finkatuta. Besteak beste, gazteekin hizkuntza-normalizazioaz hausnarketa egin beharko litzatekeela eta horretarako errealitate hau hobeto ezagutu beharko litzatekeela adierazten da Udalaren jarduna gidatzen duten planetan. Soziolinguistika Klusterrak urteak daramatza gazteak eta hizkuntza-erabileraren gaia alderdi ezberdinetatik jorratzen: eskola-giroko hizkuntza-erabilera ikertzen, eremu ez formaleko erabileraren inguruko hausnarketak eta materialak kaleratzen, interneteko sare sozialetako praktikak aztertzen… Honela, bada, bi aldeek bat egin dute ikerketa honen gaiaren inguruko interesean.

Abiatzeko unetik bi helbururi erantzun nahi izan dio egitasmoak:

  • Gasteizko 18 eta 24 urte bitarteko gazte euskaldunek hizkuntzen inguruan dituzten bizipenak eta pertzepzioak ezagutzea.
  • Gazteak hizkuntzaren inguruan hausnarketa egitera bideratzea eta euren talde naturaletan euskararen erabileraz hausnarketa pizteko gakoak identifikatzea.