NPLDko bazkideekin ikerketa proiektuak diseinatzeko eta sarea kudeatzeko bilerak egin dira Galizian

Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarearen (NPLD) bileretan parte hartu du Santiago de Compostelan apirilaren 24tik 26ra.

NPLDko bazkide diren ikerguneen UniNet sarea proiektuak definitzen ari da, Europa mailako diru-laguntza deialdietara eskaerak aurkezteko asmoz. Apirilaren 24ko bileran definizio horretan aurrera egin zen, kideen arteko adostasunetik.

Apirilaren 25ean, NPLDren Zuzendaritza Batzordearen bilera eta urteroko Ohiko Batzar Orokorra egin ziren. Besteak beste, 2024rako aurrekontua eta egitekoak onartu ziren. Batzorde Eragilerako kide berria aukeratu da, Aurten Bai Fundazioko Mikel Etxebarria, hain zuzen ere.

Apirilaren 26an adimen artifizialak eta teknologiek hizkuntza gutxiagotuetan nola eragiten duten aztertzeko hainbat hitzaldi egin ziren. Galegoaren inguruan egiten ari diren lana aurkeztu zen eta, hortik abiatuta, euskara, katalana eta galesaren inguruko aurrerapenez solasteko aukera ere izan zen. Hain zuzen ere NPLD sareko bazkideen hurrengo hitzordua adimen artifiziala eta hizkuntza gutxituak gaiaren bueltakoa izango da. Izan ere, udazkenean Bartzelonan egingo den NPLD-Coppieters Campusa gai honi eskainiko zaio.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN