Soziolinguistika Klusterrak BAT 79-80 zenbaki bikoitza aurkeztu du Euskaltzaindiarekin batera

BAT euskaltzaindia aurkezpena

Soziolinguistika Klusterrak BAT Soziolinguistika aldizkariaren 79/80 zenbaki bikoitza Euskaltzaindiarekin elkarlanean argitaratu du, eta abenduaren 23an aurkeztu zen Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza nagusian.

Berezia da zenbakia -hitzaurrean eta aurkibidean ikus litekeen moduan- azken urteetan euskal soziolinguistika arloko gai nagusienetako bati heldu baitio Mikel Zalbide euskaltzainak, gai zentral eta monografiko modura lantzeko: Diglosia.

Gainera, txosten horretan planteatzen diren gaiei erantzunez Euskal Herriko zazpi soziolinguistek eman diote erantzuna, artikulu laburren bitartez. Honakoak dira saio honetan parte hartu duten lagunak: Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna, Julen Arexolaleiba, Maria-Jose Azurmendi, Xabier Isasi, Lionel Joly eta Joxe Manuel Odriozola.

Diglosia terminoaren jatorria eta ibilbidea argitu du Zalbidek txostenean, bere jatorritik 1959ra arteko ibilbidea; Greziatik Ferguson-era, ondoren, Fishman-en ekarpena parez pare ezarriz. Herrialde Katalanetatik datorren Menderatuen diglosiaren bidea ere zehatu du bere indarguneak eta ahuleziak erakutsiz. Azkenik, Euskal Herrian izan duen garapenari begirada oso sakona eskaini dio, tartean, sona handiko beste soziolinguista askoren ekarpenak ere bilduz.

Informazio gehiago Euskaltzaindiaren webgunean