Jendaurreko hizkuntza erabileran aurrerapausoak emateko adostasuna adierazi dute Gipuzkoako 18 erakundek

Gipuzkoa berdinago egitasmoaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Gipuzkoako Foru Aldundian lurraldean erreferentzia diren 18 erakunde, elkarte eta enpresek, azken sei hilabeteetan elkarlanean egindako lanaren ondoren. Lankidetzan egindako bidearen ondoren, jendaurrean euskararen erabilera bultzatzeko jokabidea jasotzen duen adierazpena adostu dute, zeinetan hizkuntzen arteko “bizikidetza orekatuagoa” bilatzen den.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren gidaritzapean, bilera egin dute prozesu honetan parte hartu duten eragileetako lehen mailako ordezkariek –Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Foru Aldundia bera–. Batzarrean izenpetu dute Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena. Sinatzaileek, lurraldean duten “erreferentzialtasunetik”, euskararen aldeko “jokabide aktibo bat” mantentzeko konpromisoa berretsi eta horretarako neurri multzoa adostu dute.

Joan den apirilean abiatu zuten lurraldeko hainbat eragile eta enpresek, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Gipuzkoa berdinago egitasmoa, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik  jendaurrean komunikatzeko garaian eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostu asmoz. Hots, erakunde guztientzako erreferentziazkoa izango den hizkuntza erabilera portaera batzuk eraikitzea izan dute xede azken hilabeteotan garatutako lan saioetan.

Soziolinguistika Klusterrak bideratu du teknikoki gaur aurkeztu den adierazpena adosteko prozesua. Izan ere, Jendaurrean Erabili proiektuan eta Eralan ikerketan azken urteetan pilatutako ezagutza eta erreferentziak baliatu dira, erakunde parte-hartzaileek hizkuntzen kudeaketan dituzten erronka nagusiak identifikatu eta hauek elkarrekin gainditzeko urratsetara heldu arte. Gaurko adierazpenarekin, Gipuzkoak bere ekarpena egingo dio Soziolinguistika Klusterrak dinamizatzen duen Jendaurrean erabili proiektuari, zeinek helburutzat baitu erakunde eta enpresen jendaurreko euskarazko komunikazioan laguntzeko baliabideak eskaintzea.