EHUren Donostiako bi fakultatetan erabilera neurketak eta beste ekimen batzuk

Hizkuntza normalizazio prozesuan gazteak giltzarri. Donostiako Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Soziolinguistika Klusterra hezkuntzaren esparruan eta gazteen artean euskararen erabilera soziala bultzatzeko elkarlanean

Donostiako Euskararen Plan Orokorraren (2015-2020) helburuetako bat da euskararen erabilera soziala hezkuntzaren esparruan eta gazteen artean bultzatzea eta horretarako ezinbestekoa da gazteen arteko hizkuntza erabileren egungo ezaugarriak eta joerak ezagutzea. Gainera, erakundeen arteko koordinazioa lantzea da Planaren beste oinarrietako bat erakunde guztiek, publiko zein pribatu, baitute ardura hizkuntzaren normalizazio prozesuan.

Euskararen  erabilera esparru guztietara hedatzea da UPV/EHUk duen erronketako bat. Horretarako, helburu eta ekintza ezberdinak planifikatu ditu 2022. urtera arteko iraupena izango duen Euskararen III Plan Gidarian. Plan berrian, batetik, euskararen erabilera handitzeko estrategiak lantzeko helburua azpimarratzen da. Eta bestetik, unibertsitateko eremu ezberdinetan euskararen erabileraren egoera ezagutzea planteatzen da.

Ildo horretatik, UPV/EHUk eta Donostiako Udalak 2016an sinatutako lankidetza hitzarmen markoan azpimarratzen da gazteen artean euskararen erabilera indartzeko bi erakundeak elkarlanean aritzeko nahia.

Donostiako Udaleko euskara zinegotzi Miren Azkaratek oso balioan jartzen du hitzarmen honetan jasotzen dena. Bere esanetan, “Donostiako Udalaren hizkuntza plangintzan gidari den Donostiako Euskararen Plan Orokorrean jasotzen da berariaz landuko dela Donostiako gazteen esparrua eta bereziki zainduko direla gazteen dimentsioa eta ikuspegia. Izan ere, gaur egungo donostiar gazte gehienek badakite euskaraz, etorkizuna dira eta adin tarte hori oso garrantzitsua da hizkuntz ohiturak finkatzeko. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan giltzarri direla zalantzarik ez dago eta horretarako EHUrekin eskuz-esku lan egitea funtsezkoa iruditzen zait”.

Lankidetza honek eman ditu dagoeneko bere fruituak eta etorkizunera begira beste zenbait egitasmo lantzeko aukerak aztertzen ari dira bi erakundeak besteak beste, Oihenart Aforismo Lehiaketaren zortzi edizio bete ditu dagoeneko UPV/EHUk Donostiako Udalaren lankidetzarekin, Ekolingua jolasa oinarri hartuta, azken hiru urteetan, Donostiako ikastetxeetako ikasleen harremanen eta jarreren ikerketa egin du Gizarte Antropologia Sailak eta, aurrera begira, Informatika fakultatearekin elkarlan aukerak aztertzen ari dira.

 

Euskararen kale erabileraren neurketa AKTIBATU egitasmoaren baitan eta Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean

Bi erakundeen arteko elkarlanean kokatzen da baita ere gaur aurkeztera gatozen eta Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean egin den euskararen erabileraren neurketa.

UPV/EHU Euskararen III Plan Gidariaren helburuak lantzen ari da 2017/18 ikasturtean martxan jarritako AKTIBATU programan. AKTIBATUn euskararen aktibazio soziala suspertzeko estrategiak sustatzeaz gain, euskararen erabileraren kale neurketen metodologia fakultateetako esparruetara egokitzeko proiektu pilotua martxan jarri da. Kale neurketen metodologian oinarritutako proiektu pilotuaren kasuan, azpimarratu beharra dago ikasleak jasotzen ari diren formazioa. Hainbat ikasle kale neurketen metodologian trebatu dira eta arloko adituen eskutik soziolinguistikan hastapeneko pausuak eman dituzte.

Jon Zarate Sesma UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak adierazi du “era honetako proiektuek ahalbidetzen dute, unibertsitatean prestatzen ari garen etorkizuneko profesionalek gizartean txertatzerakoan euskararekin izango duten erantzukizuna eta jokabidea hausnartzen hasteko aukera”, horrez gain, “ikasleen interesa eta motibazioa piztu ditu eta parte hartzea handia izan da”.

Metodologiari dagokionez, 80ko hamarkadan hasi zen herrietan euskararen erabileraren kale neurketak egiten, eta gaur egun, Soziolinguistika Klusterrak egiten duen Euskal Herriko Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketan du bere erakusgarri nagusia. Metodo hau erabiltzen hasi zenetik, hobetzen eta fintzen joan izan da. Etengabeak izan dira probak eta aplikazio berriak. Honela lortu da eskoletako jolastokietan edo lantokietan hizkuntza erabileraren neurketak egitea, adibidez. Era berean, proba horiei esker joan da zehaztasunean eta zorroztasunean aurrera egiten. Fakultateetako hau, bide horretan kokatzen da; behaketa bidezko hizkuntza erabileraren neurketen aplikazio berri baten hastapena da.

Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileak adierazi du “ikerketa hau saiakera handiago batzuetarako bidea zabaldu dezakeen proba pilotua” izan dela eta “unibertsitate-giroko testuingurua hobeto ezagutzeko tresna baliagarria” dela.

Zentzu horretan, gaineratu du Miren Azkaratek, gazteen arteko erabilera zein den aztertzea oinarrizkoa dela iruditzen zaigu. Bost urtez behin Soziolinguistika Klusterrarekin egiten ditugun kale erabileraren neurketetan gazteen datuak jasotzen badira ere, oso interesgarria eta baliagarria da beren esparru propioetan eta beren arteko elkarrizketetan zein hizkuntzatan ari diren jakitea, beren ohiturak eta joerak zein diren jakiteko. Horregatik oso egokia iruditu zaigu Unibertsitatean bertan, Donostiako campusean behaketa hauek egitea”.

 

Testuinguruaren garrantzia euskararen erabileran

Donostian, gazteen euskararen kale erabilera %13koa den bitartean, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean hizketan behatu diren 10 pertsonatik ia 6 euskarazko elkarrizketetan parte hartzen ari ziren. Informatika  Fakultatean, berriz, behatutako solaskideen heren bat baino gehixeago ari zen euskarazko elkarrizketetan.

Donostian, gazteen euskararen kale erabilera %13koa dela neurtu zuen Soziolinguistika Klusterrak  2016an egindako neurketan. Datu hori bi fakultateetan egindako neurketen emaitzekin alderatuz gero, (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea %58,1 / Informatika Fakultatea %35,2) aldea nabarmena da.

Guztira 1.184 elkarrizketa behatu ziren eta horietan parte hartzen ari ziren 3.348 solaskideren datuak aztertu dira. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean hizketan behatu diren 10 pertsonatik ia 6 euskarazko elkarrizketetan parte hartzen ari ziren. Informatika  Fakultatean, berriz, behatutako solaskideen heren bat baino gehixeago ari zen euskarazko elkarrizketetan parte hartzen.

Emaitzak sexuaren aldagaia kontuan hartuta aztertuta, ondorioztatu da emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzen dutela. HEFA fakultatean emakumeen %59 behatu da euskarazko elkarrizketetan eta gizonezkoak, aldiz, %55,9 izan dira. Informatika fakultatean, aldea are handiagoa da: emakumeen euskararen erabilera %53koa den bitartean, gizonezkoena %29,1ekoa da.

Datuek agerian uzten dute testuinguruak garrantzi handia duela euskararen aldeko hautua egiterakoan. Miren Azkarateren esanetan,  “gazteak kalean barrena dabiltzanean testuinguru erdaldunago batean daude eta horrek eragina du hizkuntz hautuan. Fakultatean aldiz, testuingurua eta errealitate linguistikoa bestelakoa da oso, euskara erabiltzeko baldintzak  askoz hobeak dira eta erabilera datuetan antzematen da”.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN