GAZTEEN HIZKUNTZA ERABILERA AZTERTU DU SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK BEREN BIZIPENETATIK, IDEOLOGIETATIK ETA PRAKTIKETATIK ABIATUTA

Jone Miren Hernandez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan da ikerketaren zuzendaria.

Tipologia desberdineko lau udalerritako gazteen errealitateak aztertu dira sakonean.

Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia ikerketa kualitatiboa da eta aurrez egindako udalerri mailako azterketa kuantitaboan du jatorria. 2018. euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreei buruzko ikerketa-lerroa abiatu zen. Faktore kuantitatiboak aztertu ziren lehenik, eta azterketa horren ondorioetatik udalerriak bi multzotan bereiztuta ikertzeko interesa agertu zen: batetik, belaunaldi gazteen erabilera herriko erabilera orokorra baino nabarmen altuagoa den kasuak eta, bestetik, gazteek herriko batezbestekoa baino erabilera baxuagoa duten herriak.

Abiapuntu horretatik, 2019an, metodologia kualitatiboaren bidez lau herritako gazteen errealitatean sakontzeko lana egin da: Zumaia, Gernika, Pasai Donibane eta Amorebieta-Etxano.

Ikerketa bi fasetan burutu da. Lehenengo herri bakoitzeko ezaugarriak, bizimodua, errutinak, dinamikak eta harremanak jaso eta aztertu dira, gazteen ikuspegitik. Oinarrizko argazki hau egiteko behaketa eta elkarrizketak erabili dira. Bigarren fasean gazteen egunerokotasuna aztertu da hiru ardatzen arabera: ideologikoa (ideia, errepresentazio, diskurtsoen mundua), harremanei loturikoa (adinkideen erreferentzi taldeetako praktika) eta identitarioa (bizipenei loturikoa) 

Hiru dimentsioetan euskarak duen presentzia/ausentzia aztertu da, besteak beste galdera hauei erantzuteko:

  • Zer diskurtso dute gazteek euskararen inguruan?
  • Zer pentsatzen duten euren egoeraz?
  • Zein iritzi dute euskalgintzari buruz edota hizkuntza politikari buruz?
  • Non dago euskara euren eguneroko praktiketan?
  • Non dago euskara eurentzako erreferente diren esparruetan?
  • Zein praktikak eta zein harremanek ahalbidetzen dute euskararen presentzia handiago izatea?
  • Eta azkenik, zein lotura pertsonal dute gazteek euskararekin, euren barne elkarrizketetan, euren mundu emozionalean, euren burua definitzeko eta agertzeko moduan?

Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatuko proiektu honen zuzendaria Jone Miren Hernandez izan da. Proiektuaren koordinatzailea Olatz Altuna. Ikerlari bezala aritu dira Iñigo Beitia, Josu Ozaita eta Ainara Sanatamaria. Ikerketak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren, UEMAren eta Amorebieta Etxano, Gernika, Pasaia eta Zumaiako Udalen babesa jaso du.

Ikerketaren emaitzen txostena eskuragarri dago Soziolinguistika Klusterraren webgunean:

www.soziolinguistika.eus/gazteenerabilera