Jendaurrean Erabili praktika komunitateko formazio saioen bideo berriak ikusgai

Komunikazio publikoan aritzen diren denetariko erakundeak dira Jendaurrean Erabili praktika komunitateko kide. Elkarrekin esperientziak, jakintzak eta bizipenak partekatzen dituzte komunikazio lana hobetzeko.

2015ean abiatutako proiektua etengabe berritzen da, praktika komunitatearen interesen eta beharren arabera. Gai batzuk edo besteak lantzen dira eta kideen arteko harremana bideratzeko dinamika berriak garatzen dira, taldean proposatu eta adostuta.

Bitartean, modu iraunkorrean, urtero hainbat topaketa presentzial egiten dira. Hauek ardazten dute urteko egutegia. Gehienetan formazio saio bat izaten dute topaketa hauek bere baitan eta hori oinarri hartuta lantzen dira intereseko gaiak. Formazio saio horiek praktika komunitateari zuzenduak izan arren, denbora-tarte bat igaro ostean publikoki ikusgai eskaintzen dira, interesa duen orok blia ditzan.

2020a, beste hainbat kontuta bezala, urte desberdina izan da eta Jendaurrean Erabiliren dinamika pandemiak ezarritako baldintzetara moldatu behar izan da. Egokitzapen horretan, formazio saioei beste urte batzuetan baino tarte txikiagoa eskaini zaie. Honela, bi formazio saio jaso ditu praktika komunitateak, orain bideoan publikoki ikusgai daudenak:

  • Pilar Kaltzada: Euskara jendaurrean, gehiago eta hobeto. Bidean ikasitakoak.
  • Idoia Camacho: Bozeramailearen funtzioa komunikatzea da.

2020koak eta aurreko urteetan izandako hitzaldien bideoak ikusgai daude ondorengo helbidean:

https://soziolinguistika.eus/jendaurreanerabili

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN