Aldahitz Ikerketa proiektuaren baitan, hizkuntza-ohituren aldaketa prozesuak aztertzen ditugu. Modu zehatzagoan esateko, finkatutako harremanetan, eguneroko edo ohiko hizkuntzan gaztelaniatik euskarara gertatzen diren aldaketa prozesuak ditu aztergai nagusi ikerketa lerro honek. 2010. urteaz geroztik, lan-munduaren eremuan garatu da proiektua gehienbat, eta Eusle metodologia da orain arte sortutako tresna nagusia.
Eusle metodologia aplikatzeko baldintzak betetzen ez diren egoeretan ere hizkuntza-ohiturak gaztelaniatik euskarara aldatzea errazteko asmoz, bi metodologia berri sortu genituen iaz: ulerrizketa metodologia eta uler-saioak metodologia. 2016. urtean zehar zenbait esperientzia pilotu garatu ditugu Aldahitz proiektuan parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, metodologia hauen egingarritasuna, eramangarritasuna eta eraginkortasuna ebaluatu nahian.
Hain zuzen ere, 2016an garatutako esperientzia pilotu horietatik ateratako ondorio nagusiak partekatu genituen asteazkenean proiektuko Garapen Taldea osatzen duten 6 erakundeetako lankideekin: AEK-Ahize, Artez Euskara Zerbitzua, Elhuyar Aholkularitza, Emun koop. E., Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza. Pello Jauregi EHUko irakaslea izan genuen lan-saioko gidari (bera da Aldahitz ikerketaren zuzendaria).
Ulerrizketa eta uler-saio esperientzien kasuan, proba pilotuen lehen emaitzak izanik, proiektuko kideen artean soilik partekatu dira emaitzak. Eusle metodologiaren kasuan, ordea, amaitzen ari gara 2015 eta 2016an eginiko esperientzien datuen analisia, eta beraz, datozen asteetan 2013-2016 urte bitarteko esperientziekin lortutako emaitzen txostena guztion eskuragarri jarriko dugu.
Informazio gehiago: https://soziolinguistika.eus/aldahitz