Urko Ikardok jaso du HAUSNARTU euskal soziolinguistika saria Lapurdiko kostaldeko ikastoletako guraso erdaldunei buruzko lanagatik

Baionako Unibertsitateko IKER zentroaren egoitzan egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hausnartu sarien X. edizioaren sari-banaketa ekitaldia.

Baionako Unibertsitateko IKER zentroaren egoitzan egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hausnartu sarien X. edizioaren sari-banaketa ekitaldia.

Lehenengo saria Urko Ikardo irundarrarentzat izan zen, “Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean” izeneko lanarengatik. Bertan, guraso erdaldunen hizkuntza-biografiak aztertu ditu eta horien arabera seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan sozializatzeko hautua egiteko motibazioak agerian jarri ditu.

(@mediabask)

Joan Ander Kuartangok eraman zuen bigarren saria, “Euskararen ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean” lanarengatik. EAEn eta espainiar estatuan hizkuntzen inguruan dauden legedien azterketa egin du eta baita administrazioan euskarak zerbitzu-hizkuntza eta lan-´hizkuntza bezala duen arautzearena ere.

Azkenik, hirugarren saria Garikoitz Goikoetxearentzat izan zen. Bere lanaren izenburua “Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean” da. Euskarazko denetariko hedabideen eskaintza duen eskualdea izanik, Tolosaldean eskaintza horren eta kontsumoaren arteko harremana aztertu du egileak bere lanean.

(@mediabask)

Sariak Urtzi Etxeberria IKER Zentroaren zuzendariak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendariak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak banatu zituzten. Baionako gazteluko aretoa jendez bete zen eta bertaratutakoek, sari-emateaz gain, saridunen lanak egileen ahotik ezagutzeko aukera izan zuten. Gainera, Hausnartu sarien inguruko BAT soziolinguistika aldizkariaren ale monografikoa (105. Zenbakia) bertan aurkeztu eta banatu zen.

Lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Asmoa da euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea, eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea, modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira.

 

Ikusi argazkiak

 

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN