Abian da Berba-lapiko proiekuaren aro berria

Berba-lapiko proiektua hezkuntza esparruan euskararen erabileran eta konpetentzian sakontzeko proposamena da, batik bat testuinguru soziolinguistiko erdaldunei erreparatzen diena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Soziolinguistika Klusterrak 2017-2018 ikasturtean jarri zuten abian bi eskolatan eta geroztik ikastetxe eta ikasmaila desberdinetan erabili da proiektuan garatutako metodologia, etengabe ikertu eta egokituz.

Berba-lapiko proiektua, azken urteetako ibilbide emankorraren ostean, indartuta dator ikasturte honetan, 17 eskolatan jarriko baita martxan. Otsailaren 7an lehen lan-saioa egin zen Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Hizkuntza Normalkuntza Aholkulariekin. Saioa proiektuaren garapen taldeak gidatu zuen: Agurtzane Azpeitia (HUHEZI), Idurre Alonso (HUHEZI), Olatz Bengoetxea (Soziolinguistika Klusterra) eta Beñat Garaio (Soziolinguistika Klusterra).

Hiru lan-saio egingo dira datozen asteetan Hizkuntza Normalkuntza Aholkulariekin eta, ondoren, hauen laguntzarekin eskoletako irakasleak trebatuko dira. Formakuntza horren ostean Berba-lapiko metodologia ikasgeletan aplikatuko da. Era berean, metodologia erabili ahala ikasleen garapen aztarnak ikertuko dira, besteak beste.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN