Pablo Suberbiolaren hitzaldia Udaltop topaketetan

Bi urtetan online formatuan egin ostean, Lasarte-Oriako Kultur Etxean egin dira Udaletako Euskara Zerbitzuen Udaltop topaketak 2022ko maiatzaren 12 eta 13an. Galdera baten inguruan antolatu da egitarau osoa: “Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko?”

Soziolinguistika Klusterraren hainbat proiektutan (Arrue, Aldahitz,…) ikerketan diharduen Pablo Suberbiolak hitzaldia eman du maiatzaren 13an topaketa hauetan: “Eskolaz kanpo, zer eta nola egin behar dugu hobeto, hiztun hobeak sortzeko?”

Haurren baldintza soziolinguistikoez eta esku hartzerako aukerez jardun du hitzaldi mamitsuan. Hona aipatutako zenbait gako:

  • D eredua asko aldatu da; azken urteetan euskaratik urrunen dauden biztanleak bertan barneratu direlako, besteak beste.
  • Euskararen erabilera eman dadin, eskolak hainbat indartze behar ditu; gela barrukoak eta gelatik kanpokoak.
  • EAEko ikasleen euskararen erabileran, 2015etik, beheranzko joera ikusi da.
  • Ikasleen gaitasunetan hutsune handiak daude.
  • Testuinguru globala kontuan hartuta, euskara bere lekua behar du.
  • Eskolaz kanpoko ekintzetako euskararen erabilera: eskolakoa baino txikiagoa da, baina etxekoa baino handiagoa. Arazoa da ez dagoela modu orekatuan banatuta: erabilera handiena ingurune euskaldunenetan gertatzen da, eta ez beharrik handiena duten inguruneetan.
  • LHtik DBHra jaitsi egiten da euskararen erabilera. DBHko ikasle askok ez dute eskolaz kanpoko euskarazko ekimenik. Askok dituzte, ordea, ingelesezko eskolaz kanpokoak.
  • Lehentasun bat aipatzekotan, eskolaren lana osatzeko egitura zabal eta sendoa behar da. Euskara benetan erabiltzeko adina jakin beharko lukete ikasleek, baina erabiltzeko aukerak ere kontuan hartuta. Orokortuko den lana behar da, ez soilik puntuala.
  • Modu desorekatuegi eta isolatuegian geratzen da euskararen irakaskuntza eta sustapena eskolaren esku. Berdintasuna lortzeko, erabiltzeko aukerak handitu behar dira.
  • D ereduko kirola proiektuko zenbait ondorio ere kontuan hartzekoak dira:
    • Kirol klubek badute, erantzukizun sozialaren bidetik, euskararen arloan bere alea jartzeko aukera. Ingurune babestuak sor ditzakete. Euskaraz egitea haizearen kontra jardutea da eta klub bat eta kirola bezalako jarduera antolatu/egituratu bat babesgune izan daitezke.
    • Euskaraz hitz egitea talde-konpromiso bezala sustatzea eraginkorragoa da maila indibidualean arau sozialen aurka jarduteko eskatzea baino.
  • Hizkuntza-ohiturak aldatzea proportzerakoan, baldintza asko izan behar dira kontuan, aldaketak hiztunarentzat zentzua izan dezan:
    • Hiztunak ezagutu egin behar dira. Gustatuko zaie? Egingarria da?
    • Talde erabakiak indarra ematen dio hiztunari aldaketak egiteko. Partaideekin negoziatzea gakoa da.
    • Norena da ekimena da? Nork/nola sustatzen du aldaketa?
  • Oso garrantzitsua da ez epaitzea hizkuntza-praktikak. Gaztelaniazko espazioetan ez dago hizkuntzaren epairik.
  • Gazteek, hizkuntzaren arloan, gizartearen jokabidea errepikatzen dute. Gizartean ikusten dute “bai, baina ez” jarrera bat. Teorian euskararen alde egotea, baina praktikan baldintzatutako adekotasun bat dago. “ETB1/ETB2 gizartea” ikusten dute. Eta horretara moldatzen dira gazteak. “Euskaraz egingo dut niretzat errentagarria den egoeretan eta komenigarri zaidanean; epaitua ez den egoeretan”. Bestela, badute beste tresna bat, oso ondo funtzionatzen diena (gaztelania). “Konektatu/deskonektatu metafora” oso ona da.
  • Euskal erakunde publikoetatik gaztelaniaren sustapen aktibo oso handia egiten da. Euskararena ere egiten da, sektore batzuetan, komeni denean, ahal denean. Euskara sektore bat bezala ulertzen da.
  • Hiztunaren lekuan jarri behar gara. Hiztunarentzat errentagarri/interesgarri egin behar dira euskarazko hizkuntza praktikak. Hori da gakoa.

Informazio gehiago: www.udaltop.eus

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN