Elgoibarko Udalak herrian hizkuntzak nola hedatzen diren jakiteko, herriko hizkuntza aniztasunaren mapa osatzea erabaki zuen 2022ko uda aurretik. Hori egiteko Sozioinguistika Klusterrari eskatu zion laguntza. Egitasmo honen helburua da hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia egiteko lagungarri izango den ezagutzan sakontzea.
Gaur egungo azterkete askok euskarari eta gaztelaniari egiten diote erreferentzia, baina ez dira kontuan hartzen gainerako hizkuntzak, ez baitago datuak jasotzeko protokolo zehatz eta formalik. Hori dela eta, Elgoibarko Hizkuntza-Aniztasunaren Mapa hau osatzeko biztanleriaren jatorriaren azterketa egin da, udalerriaren erroldan izena eman dutenen datuak kontuan hartuta. Beraz, jatorriaren araberako azterketa bat da hau, hipotesi-mailan hizkuntza-errealitatera hurbiltzeko lagungarri izango dena.
Horrela, datu esanguratsuak eskuratu dira. Esaterako, nazionalitate espainiarra dutenak %87,4 dira, beraz, gainerako %12,6a jatorri atzerritarrekoa da. Biztanleriaren sexu-banaketari dagokionean, Espainiako jatorria dutenen artean, emakumeak %50,7 dira; eta jatorri atzerritarrekoen artean emakumeak % 51,9 dira. Nahiz eta alde handia ez izan, feminizazioak garrantzi berezia hartzen du jatorriaren arabera aztertuz, adibidez, Amerikako jatorria dutenen artean 169 emakume gehiago dira gizonezkoak baino. Aldiz, Afrika, Asia eta Europako jatorria dutenen artean gizonak gehiago dira.
Jatorri atzerritarreko biztanleak 52 estatu ezberdinetan dute euren jatorria; horietatik, %92,9k 20 estatutan, eta gainerako %7,1ak 32 estatutan. Hona hemen jatorri nagusiak hurrenkeraren arabera: Maroko, Nikaragua, Bolivia, Portugal, Pakistan, Errumania, Kuba, Senegal eta Ekuador.
Jatorri atzerritarreko biztanleriaren artean %49,2k gaztelania du hizkuntza ofiziala jatorrian, kasu batzuetan beste hizkuntza batzuekin batera: aimara, guarania, mapudunguma eta ketxua. Gainerakoen artean nagusi dira arabiera eta amazigera. Frantsesa, portugesa eta ingelesa ere hortxe dira. Urduak eta punjaberak ere presentzia esanguratsua izan dezakete herrian, baita errumanierak ere, eta presentzia gutxiagorekin wolof, fula, serer eta diola.
Azterketa hauekin, hizkuntza guztiei aitortza egin nahi zaie eta euskara erdigunean izanik bizikidetza linguistiko egokian sakondu nahi da.