Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien aurkezpen-bideoak ikusgai

2022ko Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien banaketa ekitaldia abenduaren 15ean egin zen Bilboko Bizkaia Aretoan. Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurtok gidatu zuen saioa eta sarien sustatzaile eta babesle diren erakundeen ordezkariak arduratu ziren diploma eta garaikurren banaketaz. Mertxe Mugika Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak bigarren saria eman zion Iñaki Beristaini, “Gizarte elebidun bateko gazteen hizkuntza hautaketan eragiten duten faktoreen azterketa” lanagatik. Itziar Laka Euskal Herriko Unibertsitateko Eukara Sustatzeko zuzendariak beste bigarren saria eman zion Imanol Artolari “Tolosaldeko ikasle eusleak” lanagatik. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek Jose Luis Zumetaren litografia eman zion Xan Aireri, “Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran: lehen pistak Ipar Euskal Herriko ikastoletan” lanarekin irabazitako lehen sariaren erakusgarri.

Ondoren hiru saridunek euren lanaren aurkezpen laburra egin zuten hitzaldi banatan. Haur eta nerabeen eskolako testuinguru soziolinguistikoari lotutako gaiak jorratu dituzte aurtengo hiru lan nabarmenduek eta hiruek egindako aurkezpenetan elkar lotzen ziren hainbat harimutur aurki litezke. Bideoan ikusgai daude aurkezpen hauek.

2023. urtearen lehen hiruhilekoan Bat Soziolinguistika Aldizkariaren zenbaki monografiko batean argitaratuko dira Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria jaso duten lan hauek eta beste zenbait lan nabarmendu.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN