Nafarroako euskara teknikariekin mintegia udalerri euskaldunetako haurren inguruan

Pasa den abenduaren 15ean goiz beteko mintegia gidatu zuten Soziolinguistika Klusterra, UEMA eta EHUko ikerlariek, UEH ikerketan landutakoa oinarri hartuta. Mintegia Euskarabidea euskararen nafar institutuak antolatu zuen, izan ere, erakunde hau aipatutako ikerketaren babesleetako bat izan zen. Nafarroako euskara teknikariek parte hartu zuten Euskarabidearen egoitzan egindako lan-saioan.

Mintegian udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoaren kokapen bat egin zuen Iñaki Iurrebaso UEMAko kideak. Arreta berezia ipini zuen haur eta nerabeen testuingurua ulertzen laguntzen duten informazioetan. UEH ikerketaren zuzendari eta EHUko DREAM taldeko ikerlari den Eider Saraguetak proiektuaren metodologia eta emaitza nagusien aurkezpena egin zuen jarraian. Mintegiaren bigarren zatian, Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larreak gidatuta, ikerketaren emaitzetatik eta gaur egungo praktiketatik abiatuta hausnartu zuten partaideek aurrera begira egin beharreko lanaz.

UEH ikerketa

Proiektu honetan udalerri euskaldunetako haurrek nagusiki euskara erabiltzeko hizkuntza-ohituratik gaztelaniara egiten duten aldaketa aztertu da. Horretarako, 7 udalerri euskaldunetako ikastetxeetan LH5. mailako ikasleekin egin da ikerketa, ikasleen ikuspegiaz gain, irakasle, zuzendari, guraso eta herrietako eragileena jasota. Metodologia kualitatiboan oinarritu da azterketa, hainbat ikerketa-teknika baliatuz.

Ikerketak emandakoa bi txostenetan irakur daiteke idatziz: Txosten laburra eta Txosten osoa

Horrez gain, proiektuaren ezaugarriak eta ondorio nagusiak bideo labur banatan azalduta daude:

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN