Iñigo Beitia eta Miren Otxotorena doktore dira, soziolinguistika ikerketan ekarpen berriak eginda

Iñigo Beitia Zabalak eta Miren Otxotorena Arangurenek doktorego tesiak defendatu dituzte azken hilabeteetan, eta, horrenbestez, doktore titulua eskuratu dute. Biak ala biak 2025ean batu dira Soziolinguistika Klusterraren Bulego Teknikora, eta beren ikerketek hizkuntzaren normalizazioari eta hiztun gutxituen esperientziei buruzko ekarpen esanguratsuak egiten dituzte.

Iñigo Beitiak Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako kasua izeneko tesia defendatu zuen 2025eko uztailaren 9an. Gizartea, Politika eta Kultura doktorego programaren baitan egindako lanak egungo euskararen normalizazio prozesuak bizi duen inpasse egoera aztertzen du, ikuspegi antropologikotik proposatutako eredu teoriko baten bidez. Eredu hori Araban kokatutako Lautadako Kuadrillan aplikatu du kasu azterketa gisa. Tesia Josu Martinez Martinez eta Josu Amezaga Albizu irakasleen zuzendaritzapean egin du, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate sailaren barruan, eta Cum Laude kalifikazioa eta Nazioarteko doktorego aipamena jaso ditu. Doktoretza-prozesuan, 2023ko abuztutik azarora bitartean, City University of New York unibertsitatean egonaldia egin zuen, LAILAC programaren barruan, besteak beste glotopolitikari lotutako prestakuntza jasoz. Halaber, Equiling ikerketa proiektuan parte hartu du, kontzientzia linguistiko kritikoa eta hiztunen agentzia ardatz hartuta.

Bestalde, Miren Otxotorena Arangurenek 2026ko otsailaren 2an defendatu zuen doktorego tesia, On Wayfarers: Minoritised Language Speakers on the Move to Public Universities of Madrid izenburuarekin. Luisa Martín Rojo irakaslearen zuzendaritzapean egindako ikerketak euskal, katalan eta galiziar hiztunek Madrilgo unibertsitate publikoetara joatean bizi dituzten prozesu soziolinguistikoak aztertzen ditu, botere-harremanen ikuspegitik eta nazionalismoaren zein neoliberalismoaren logikak uztartuz. Tesia Universidad Autónoma de Madrid-eko Filosofía y Ciencias del Lenguaje doktorego programaren baitan egin du, Equiling Madrid ikerketa proiektuaren barruan eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioaren FPI kontratupean. Lau urteko prozesuan bi egonaldi egin ditu Suitzako Université de Fribourg-eko Institut de Plurilinguisme-n.

Bi ikertzaileek soziolinguistikaren esparruan egindako lanek testuinguru desberdinetan hizkuntzek eta hiztunek dituzten erronkak hobeto ulertzen laguntzen dute, eta ildo horretan ekarpen garrantzitsua egiten diote Soziolinguistika Klusterraren jardunari ere.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN