Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatuta, Hezkuntza Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresua 2026ko martxoaren 9an eta 10ean egingo da Bilbon, Euskalduna Jauregian, “Ebaluazioaren bidez hezkuntza hobetzea. Euskaditik ikuspegi berriak.” lelopean. Nazioarteko topagune honek hezkuntzaren ebaluazioaren erronkak eta aukerak aztertuko ditu, ikuspegi akademikotik zein praktikotik, eta hezkuntza-sistemaren etengabeko hobekuntzan ebaluazioak duen zereginean jarriko du arreta.
Testuinguru horretan, Soziolinguistika Klusterrak Berba-lapiko proiektuaren berri emango du komunikazio saio batean. Aurkezpenaren izenburua honakoa izango da: “Berba-lapiko proiektua: eremu erdaldunetan Lehen Hezkuntzako ikasleen euskarazko ahozko gaitasunen ebaluazioa”, eta martxoaren 9an egingo da, 13:30etik 14:00etara.

Saioa Imanol Larreak (Soziolinguistika Klusterra) Agurtzane Azpeitiak (Mondragon Unibertsitatea) eta Leire Diaz de Gereñuk (Euskal Herriko Unibertsitatea) gidatuko dute. Hirurek Berba-lapiko egitasmoaren baitan garatutako ebaluazio-prozesuaren diseinua, aplikazioa eta ondorio nagusiak azalduko dituzte.
Berba-lapiko proiektua eremu erdaldunetan kokatutako Lehen Hezkuntzako ikasleen euskarazko ahozko gaitasunak indartzera bideratutako esku-hartze pedagogikoa da. Aurkezpenean, bereziki, ahozko gaitasunen ebaluaziorako erabilitako tresnak, irakasleen inplikazioa eta lortutako emaitzek hezkuntza-praktikan izan duten eragina landuko dira.
Kongresuak nazioarteko eta tokiko adituen parte-hartzea izango du, hezkuntza-ebaluazioaren inguruko ikuspegi berritzaileak partekatzeko eta hezkuntza-sistemaren hobekuntzarako bideak aztertzeko. Soziolinguistika Klusterrarentzat foro hau aukera paregabea da euskararen ahozko gaitasunen ebaluazioari buruz garatutako ezagutza komunitate zabalago bati helarazteko eta beste esperientziekin elkarrizketa aberasgarria sustatzeko.


