Euskararen arnasguneen eta udalerri euskaldunen erronkak aztertuko dituzte UEMA eta Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldian

Azaroaren 22an izango da, Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan. “Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak” izango du izenburutzat. Hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaileen ideiak eta ikuspegiak partekatzeko gune irekiak izango dira egitarauan.

 

 

 

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren IX. edizioa aurkeztu da, Donostian. Aurtengoan, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute azaroaren 22an Carlos Santamaria Zentroan (EHU) gauzatuko den egitaraua.

 

Josu Labaka UEMAko lehendakariak azaldu duenez, azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. “Badago herri multzo  bat gaur egun arnasgune izateko baldintzak bete arren benetako arnasgune izatetik urruntzen ari dena, batez ere euskararen erabilerari dagokionez. Herri horietako asko, gainera, eskualde-buruak dira, eta herri-tipologia horrek ere euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da.”

 

Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kideak egitarauaren xehetasunak eman ditu: Mikel Zalbide (Euskaltzaindia) eta Olatz Altunak (Soziolinguistika Klusterra) euskaldun proportzio altueneko herrien inguruko ikerketa bana aurkeztuko dute. Iñaki Agirreazkuenagak (EHU) udalerri euskaldunetan euskararen biziberritzerako legediak ematen dituen aukera eta oztopoez jardungo du elkarrizketan, Belen Uranga berarekin. Arratsaldean, berriz, arnasguneen gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu izan dioten pertsonak elkartuko dira mahaiaren inguruan, Miren Segurolak gidatuta: Zumaia (Imanol Azkue) eta Ondarroako kasuak (Goizane Arana), lurralde antolaketaren ikuspegia (Unai Fernandez de Betoño – EHU) eta hedabideena (Alberto Barandiaran – Hekimen) kontrastean jarriko dira.

 

Berezitasun bezala, goiz-erdian kafea hartzeko atsedenaldia eta bazkalorduko tartea partekatzeko espazio bezala definitu dituzte antolatzaileek. Parte hartzaileek euren herrietako esperientzia zehatzak elkarrekin kontrastatzeko eta iritzi-trukerako gune izango dira atseden eta indarberritzeko gune izateaz gain.

 

Jardunaldiaren matrikulak 55 euroko prezio orokorra du eta 40 euroko prezio murriztua ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterra zein UEMAko bazkideentzat. Informazio gehiago, egitaraua eta izen-ematea: soziolinguistika.eus/jardunaldia

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN