Burela Galiziako udalerri bat da, Kantauriko kostaldean dagoena. Arrantzan eta kontserba-ekoizpenean oinarritzen da hango ekonomia, batez ere.
Portuak eragindako mugimendu ekonomikoaren ondorioz, populazioa hazi egin da, XX. mendearen azken urteetan; izan ere, 1.000 biztanle baino gutxiago izatetik 10.000tik gora izatera pasatu da udalerria. Lanpostu-eskaintza handia izan denez, kultura anitzeko herri bihurtu da Burela.
8 km karratutik beherako udalerri batean, berrogeita hamar nazionalitate baino gehiagoko pertsonak bizi dira, kontinente guztietakoak.
Ahozko erabilerari dagokionez, Burelako kaleetan ibiltzen den 10 pertsonatik 8 baino gehiago galegoz aritzen dira, berez; idatzizko erabilerari dagokionez, ordea, herritarren % 5etik behera jaisten da hizkuntzaren erabilera.
Asimetria horrek oztopo egiten dio kulturen arteko bizikidetzari, eta, hori zuzentzeko helburuarekin, Perdouro Institutuak hezkuntzaren arloko esku-hartze bat jarri zuen martxan (2004), eskola-komunitate osoari zuzendua, baina udalerrian eta eskualdean eragina duena. Esku-hartze horrek eragin normalizatzailea izan du (merkataritzan, osasunean, kirolean, zeremonien komunikazioan —ezkontzak, bataioak, jaunartzeak, iragarki laburrak…—, immigranteen integrazioan eta orobat nekrologia-testuetan); gainera, horrek eragin zuen Udaleko Hizkuntza Plangintzako Eredua egiteko oinarritzat hartzea proiektua Burelako Udalak. Aho batez onartu zen eredua 2008an, eta kultura-aniztasunaren bizikidetzaren kudeaketan erreferente bihurtu da Galizian.