Lehen hizkuntzatzat galegoa duten neska-mutikoen kopurua areagotzea eta hizkuntza horren erabilera sustatzea helburu nagusi zuela sortu zen Apego proiektua. Galiziako hamabi udalek abiarazi zuten proiektua, Hizkuntza Normalizazioan diharduten Langileen Koordinakundeak eskatuta (CTNL).
Hona Apegoren hiru giltzarriak: beren seme-alabei galegoa irakats diezaieten mezu positiboak eta egokiak ematea gurasoei, informazio, ideia, komunikazioa eta abarren bidez; horretarako behar dituzten informazioa, trebakuntza, materialak eta baliabideak ematea (“Ongi etorri mundura” kaxa, galegozko haur-musikaren diskoa, hitzaldiak, tailerrak, sareko baliabideak, bideoak, etab.) eta, hirugarrenik, neska-mutikoak galegoz gizarteratzeko eremuak eta egoerak sortzea, animazio- eta sozializazio-jardueren bitartez.
Zenbait urtetarako programa da, eta, martxan jartzen denean, jarduera ugari egiteko aukera ematen du: komunikazio-kanpainak, ideia nagusiak ezagutarazteko (hizkuntza zaintzea, galegoa jakiteaz harro sentitzea, galegoa irakastearen eta hizkuntza horretan gizarteratzearen garrantzia, hizkuntza ondare kolektibo gisara hartzea, biodibertsitate linguistikoa aldarrikatzea…); ume bat izatekotan diren familiei “Ongi etorri mundura” kutxa bat eskaintzea, galegoaren erabiltzearen aldeko zenbait arrazoibide dituen liburu bat barne dela; haurrentzako galegozko musikadun disko bat ematea familiei; aisialdi-jarduerak galegoz antolatzea, eta baliabideak zein azalpenak bidaltzea eskoletara, ludotekara, aisialdi-lekuetara eta abarretara.