ElkarOla 2015-2016 urte-tarteetarako ikerketa estrategikoko proiektu bat da, euskararentzako oinarrizko baliabide teknologikoak sortzea, eta baliabide horietatik tresnak eta aplikazioak garatzea helburu duena, euskara aro digitalean osasuntsu egon dadin.
2002tik hainbat ikerketa-proiektu estrategiko jarri dira martxan, euskararen garapen digitalerako. Lehenengo izan zen Hizking21; gero, etorri zen AnHitz; ondoren, Berbatek; atzetik, Ber2tek, eta azkena da ElkarOla. Azken urteetan, proiektu horiek Elhuyarren lidergopean egin dira, baina hainbat ikerketa-zentro eta unibertsitaterekin batera gauzatu eta garatu dira.
Proiektu horien guztien helburu nagusia da hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak garatzea, itzulpenaren, irakaskuntzaren eta edukien sektoreek osatzen duten hizkuntzen industriaren sektore ekonomikoaren euskarri teknologiko izateko, mundu digital, interkonektatu eta eleaniztun honetan lehiakor izateko, eta hizkuntza ingurune horretan osasuntsu egoteko.
Helburu horiek lortzeko, hizkuntzen industriako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute proiektuotan parte hartzen duten kideek.
Aplikazioei begira jarrita daude eta egon dira proiektuok. Oinarrizko ikerketa bazter utzi gabe, aplikazio esperimentalak aurkezten saiatzen dira, azken buruan itzulpenen, irakaskuntzaren edo edukien alorretan diharduten enpresek garatu eta produktu bihur ditzaten.
Alor desberdinak landu dira, eta euskarak une honetan dituen baliabide asko proiektu horien bidez lortu dira: zuzentzaile ortografikoak, corpusak, terminologia-erauzketan egin diren lanak, bilatzaileak, ahotsaren sintesia, ahotsaren errekonozimendua…
ElkarOlaren epealdian, aipatutako alor horiek lantzen jarraitzeaz gain, beste alor batzuetarako aplikazioak sortzera ere pasatu gara, hainbat teknologia horretarako nahikoa helduta baitaude. Enpresa- eta industria-mundurako aplikazioak (onlineko ospearen kudeaketa, pertsona-makina interfazeak…) zein osasungintza alorrekoak (farmakozainketa, ezgaitasunak…) garatzen ari gara.
JARDUNBIDEA
Elhuyar
HIZKUNTZA
Euskara