Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituzte mintzapraktika egitasmoek. Horrela, kideek hizketarako jarioa lortzen dute, euskaltzaleen sareak indartu eta euskararen erabileran eraginez.
Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan biltzen dira, astean ordubetez, eurek aukeratutako gaien inguruan euskaraz aritzeko. Aisialdian batzen dira, leku publikoetan (kafetegiak, parkeak eta abar), eta lagunartean aritzen dira giro atsegin, hurbil eta parte hartzailean.
Gaur egun 6.000 kide daude Euskal Herriko 80 herri eta eskualde baino gehiagotan. Tokiaren arabera, Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide, Solaskide zein Solaslagun izena hartzen dute.
Bi motatako euskaldunak biltzen dira Mintzapraktikan. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jarioa berreskuratu nahi dutenak, inguru euskaltzalean murgildu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile hauei. Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, ekimen hauetan zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Gainera, mintzapraktika programek tokian tokiko euskaldun sareak indartzen dituzte.
Talde bakoitza astean ordubetez biltzen da, gutxienez. Baina astean behineko hitzorduaz gain, noizean behin mintzapraktika taldeetako kideek elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko ekintza osagarriak antolatzen dira: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak, familia planak eta abar. Era berean, mintzalagun taldeen aldaera bereziak daude, hala nola gurasoz osatutako taldeak (gurasolaguna), kirola egiteko taldeak eta euskalkiak lantzeko taldeak.