Okzitanierarentzako hizkuntza-teknologiak garatzeko programa planifikatu bat (2015-2019) idaztea.
Helburua da esparru-dokumentu bat egitea kolektibitate elkartuei proposatzeko, dokumentua hizkuntza-politika publikoetan txertatu eta abiaraz dadin. Dokumentu horrek —jada eskura dago—, lehenik, teknologia digital okzitaniarraren diagnostikoa egiten du lehendik dagoen teknologia digitalaren inbentario batekin (on lineko hiztegiak, zuzentzaile ortografikoak…), eta, ondoren, tresnetan eta baliabideetan dauden premien zerrenda bat egiten du: itzultzaile automatikoak, teklatu igarleak telefono adimendunetarako…
Teknologia digital okzitaniarra asko garatu da azken urteotan baliabide eta tresna digitalei dagokienez, bai eta zenbait arlotan ere: komunikabideak, hizkuntzalaritza, ondarea, eduki entziklopedikoak, ikerketa, ikus-entzunezkoak…
Hala ere, ahaleginak egin badira ere, ikusi dugu okzitanierak atzerapen digital handia daramala oraindik ere. Ia ez da okzitanierarik erabiltzen publiko handiarentzako programa informatikoetan, sare sozialetan eta komunikazioen eta aisialdiaren arloetan. Hainbeste erronka erabakigarri hizkuntza transmititzeko… Batez ere belaunaldi berrientzat, lana izugarria da.
Hori dela eta, Kongresuak, ADEPFOren (Prestakuntzaren bidez Pirinioak Garatzeko Elkartea) laguntzarekin, erabaki du inoiz egin gabeko urrats bat egitea teknologia digital okzitaniarraren inguruan.
Hala, hizkuntzaren erabilera sozialaren hogei lagun adierazgarrik (irakaskuntzakoak, prestakuntzakoak, erakundeetakoak, ikerketakoak) zortzi hilabeteko ikerketa bat egin dute Euskadiko bi organismoren laguntzaz: Media.kom prestakuntza-elkartea eta Elhuyar fundazioa. Halaber, euskararako, katalanerako, bretoierarako eta galeserako hizkuntza-teknologien espezialistekin bildu dira, eta laburpen-dokumentu bat egin dute beren lanari buruz eta okzitanieraren egoera jorratzeko dituzten aldarrikapenei buruz.