Gazteek euskararen inguruan dituzten diskurtsoetan sakonduko du Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak

Hendaian izango da aurtengo zita, martxoaren 23an.

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen du Jardunaldia, Eusko Jaurlaritzaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Hendaiako Herriko Etxearen laguntzarekin.

2023ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 14 eta 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeari eskainiko zaio. Hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak eta bizipen horietatik eraikitzen dituzten euskararen gaineko diskurtsoak ezagutzeko eta elkarrekin hausnartzeko topaketa izango da Jardunaldia.

Nola ikusten dute gazteek euskararen egoera? Nola kokatzen dira auzi horren baitan? Zein toki du euskarak euren identitatean? Zein bizipen baikor eta ezkorrekin lotzen dute? Nola ikusten dute euskararen aldeko mugimendu soziala eta kulturala? Nola baloratzen dute erakunde publikoen jarduera? Zer diote helduon diskurtsoez? Nola iristen zaizkie? Nola proiektatzen dute etorkizuna?

Galdera horien eta gehiagoren inguruan jardungo dute Jardunaldian bilduko diren soziolinguistika ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle eta euskararen aldeko ekintzaileek datorren martxoaren 23an Hendaiako Gaztelu aretoan. Hitzaldi, aurkezpen, tailer parte hartzaile eta mahai-inguruez osatutako egitarauak gaiari ertz askotatik heltzeko aukera eskainiko du.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldian parte hartzaile guztiak eragile aktibo dira ezagutza-trukean. Elkarrekin hausnartzeko tresnak eta plaza eskaintzen dira. Jardunaldian ez dira gaiari buruzko ondorio absolutu eta eztabaidaezinak emango, beraz. Egitarauko saioak baliatuko dira gazteek euskararekin duten harremana ulertzen eta interpretatzen lagundu dezaketen elementuak eskaintzeko. Parte hartzaile guztien egitekoa izango da entzundakotik eta ikusitakotik hausnarketa berriak egitea.

Goiz eta arratsaldeko egitarauan hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak izango dira ikuspegi eta bizipen desberdinen ekarpenetik elkar aberasteko eta elkar elikatzeko. Soziolinguistika aditu eta ikerlariez gain, gazteen euren ahotsa presente egotea bermatuko da aipatutako saioetan.

Dagoeneko izena eman daiteke www.soziolinguistika.eus/jardunaldia web-orrian (martxoaren 20ra arte). 50 euroko prezioa du matrikula arruntak (bazkaria barne); 30 euroko prezio murriztua dago ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN