Lehendakari aldaketa gauzatu zen eta lehentasunezko ildoen gaineko hausnarketa egin zen Batzar Orokorrean

Pasa den ekainaren 20an egin zuen Soziolinguistika Klusterrak bere XX. Batzar Orokorra, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Mertxe Mugika lehendakariak, Imanol Larrea zuzendariak eta Isabel Godinez finantza arduradunak egin zituzten 2023 urteko balantzari lotutako aurkezpenak eta 2024rako aurreikuspenak. Bazkideek erakundearen jarduerari babesa adierazi zioten eta proposatutako balantze zein aurreikuspenak onartu zituzten.

Ekitaldian, halaber, Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide- eta ardura aldaketa onartu ziren. Artez euskara zerbitzuaren ordezkari gisa urte luzez aritu ostean, Estiñe Astorkiak zuzendaritzan parte hartzeari utziko dio eta Leire Solozabal izango da bere ordezkoa. Bestalde kargu-aldaketarako ezarritako txandakako sistemari jarraituz, Mertxe Mugika AEKren ordezkariak Soziolinguistika Klusterreko lehendakari izateari utzi zion, 2021eko irailetik karguan izan eta gero. Batzar Orokorrean Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea) izendatu zen lehendakari, Maite Asensio (Hezten) lehendakariorde eta Miren Segurola (UEMA) diruzain.

Batzarraren bigarren zatia Klusterreko proiektuen ildoak euskararen biziberritzearen lehentasunekin lerrokatzeko hausnarketa ariketari eskaini zitzaion. Uda ostean abian jarriko den hausnarketa estrategikoaren aurrekari gisa baliatu zen ariketa. Parte hartzaileak talde txikietan bildu ziren elkarrekin eztabaidatu eta hausnartzeko. Oinarri bezala baliatu ziren hainbat erakunde eta gogoetagunek euskararen biziberritzearen lehentasunen inguruan argitaratu izan dituzten dokumentuak.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN