Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea zabalik irailaren 22ra arte

Sarien XVIII. edizioaren deialdia zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

Irailaren 22ra arte dago aukera hausnarketa- eta ikerketa-lanak aurkezteko.

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia da euskal soziolinguistika teorikoa eta metodologikoa garatzea eta berritzea. Euskal soziolinguistikaren ikertzaileen lana bultzatzea eta ikertzaile berriak eremu honetara biltzea bilatzen du. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa- zein hausnarketa-lanak aurkez daitezke sarietara, betiere oinarri zientifikoa badute edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen badituzte. Diziplina askotatik proposatutako lanak izan daitezke, gainera: soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik, komunikazio-zientzietatik edo bestetik.

Txillardegi–Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

2025eko deialdia:

Lanak aurkezteko epemuga 2025eko irailaren 22a izango da.

2025eko edizioan honakoak izango dira irabazleentzako sariak:

  • Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat
  • Bigarren saria: 1.300 euro
  • Hirugarren saria: 1.000 euro

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN