2026an egingo da Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 9. edizioa, inoizko zabalena

2026an egingo da Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 9. edizioa. Soziolinguistika Klusterrak sustatutako ikerketa honek hizkuntzen kale erabilerari buruzko datu eguneratuak bilduko ditu, eta emaitzak 2027ko udaberrian aurkeztea aurreikusten da.

Oraingo edizioaren ezaugarri gisa, bereziki nabarmendu daiteke hedadura: 175 herri baino gehiagotan jasoko dira datuak, inoiz baino eremu zabalagoa hartuz. Horrek aukera emango du Euskal Herriko hizkuntza-erabileraren argazki zehatzagoa lortzeko, lurralde eta testuinguru anitzetan. Hego Euskal Herria osoan eskualde mailako datu estatistikoki adierazgarriak eskuratzeko ahalegina egingo da. Helburu horrek neurketaren diseinuan eragina izango du: herri kopurua handitzeaz gain, datu-bilketarako ordu kopurua ere nabarmen handituko da, emaitzen sendotasuna bermatzeko.

Datu-bilketa lanak 350 neurtzaile profesionalek osatutako taldeak egingo ditu. Neurtzaileek berariazko prestakuntza jasoko dute, neurketaren kalitatea eta fidagarritasuna ziurtatzeko.

Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa erreferentziazko tresna da euskararen eta gainerako hizkuntzen erabilera soziala behatzeko. Denboran zehar egindako neurketek joeren jarraipena egiteko aukera eman dute, eta edizio berri honek ildo horretan sakontzen jarraituko du, datu-basea handituz eta analisirako aukerak zabalduz. Neurketaren inguruko informazio gehiago Soziolinguistika Klusterraren webgunean.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN