Pablo Suberbiola Aldahitz Ikerketa proiektuko zuzendariak “Uler-saioak: a path to reduce linguistic inequities in the Basque Country?” izenburuko komunikazioa aurkeztu du EHUk Gasteizen antolaturiko lan-saioan.
Topaketa honen oinarrian dagoen proiektuaren gai nagusia hizkuntza berdintasuna edo, zehatzago, “ekitatea” da: Linguistic Equity in Multilingual Regions (LEMuR) eta Europako herrialde ezberdinetako lau unibertsitatetako ikerlariek hartzen dute parte sare horretan: EHUrekin batera, Bernako Unibertsitatea (Suitza), Galway-ko Unibertsitatea (Irlanda) eta Tartu-ko Unibertsitatea (Estonia). Horrez gain, beste hainbat partaide ere biltzen ditu sare horrek; besteak beste, Soziolinguistika Klusterra edo Etxepare Institutua. Aipatu gaiaren inguruko sare tematiko bat da LEMuR (Thematic Network), Enlight Europako unibertsitate aliantzaren baitan kokatua.

Soziolinguistika Klusterretik Suberbiolak aurkezturiko komunikazioa Ane Ortega ikerlariarekin batera landu da, eta oinarri gisa hartu dira 2023-2024 ikasturtean eginiko Uler-saioak metodologiaren esperientzien datuen gainean eginiko analisiak (2026. urtean zehar argitaratuko da lan hori osorik). Metodologiaren emaitzetatik eta orain arte ateratako irakaspenetatik abiatuta, Euskal Herri mailan gertatzen diren hizkuntza desberdintasunak gutxitzeko Uler-saioek nolako ekarpena egin dezakeen hausnartu da.
Topaketaren atal berean beste bi hizlari ere izan dira: Jone Goirigolzarri (“Critical Sociolinguistic Network from the Basque Country”), eta Tartuko Unibertsitateko Sulev Iva irakaslea (“Linguistic inequity in Estonia”).

