Erakundeak gaiarekiko duen konpromiso irmoa Plan Estrategikoan txertatutako Berdintasun Planaren bidez gauzatuko da eguneroko jardunean. Soziolinguistika Klusterrak azken hilabeteetan egindako prozesutik bi tresna nagusi garatu dira, Berdintasun planaren baitan: genero-berdintasunaren printzipio orokorrak jasotzen dituen dokumentua eta laneko jazarpena prebenitzeko eta haren aurrean esku hartzeko protokoloa.
Berdintasun Planak 2024-2028 aldia hartzen du, eta Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkariaren ebazpenaren arabera inskribatuta eta gordailututa dago. Plana Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan eta berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 2. eta 11. artikuluetan oinarritzen da. Diagnostiko baten emaitzetatik abiatuta, erakundearen egoera aztertu eta hobekuntzarako erronkak zehazten ditu. Horretarako, datozen urteetan garatuko diren hainbat neurri eta ekintza aurreikusten ditu, genero-berdintasuna erakundearen kudeaketan, lan-harremanetan eta ikerketa-jardunean modu egonkorrean txertatzeko.
Planaren baitan, Soziolinguistika Klusterrak genero-berdintasuneko printzipio orokorrak definitu ditu. Dokumentu horrek erakundearen jardueraren oinarri izan nahi duten balioak jasotzen ditu, besteak beste, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta elkar-zaintza, hizkera inklusiboaren erabilera, parte-hartze parekidea, genero-ikuspegia ikerketan txertatzea, intersekzionalitatearen ikuspegia eta aniztasunaren aitortza. Helburua da Soziolinguistika Klusterreko eragile guztiek erreferentzia partekatu bat izatea eta berdintasunaren ikuspegia eguneroko jardunean modu koherentean aplikatzea. Horretarako, printzipioak ikerketan, prestakuntzan, dibulgazioan, aurrez aurreko komunikazioan zein komunikazio digitalean, barne antolaketan eta gune informaletan aplikatuko dira.
Bestalde, laneko jazarpena prebenitu eta esku hartzeko protokoloa ere garatu du. Protokoloak tolerantzia zero ezartzen du sexu jazarpenaren, generoan oinarritutako jazarpenaren, sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko edo genero adierazpenagatiko jazarpenaren eta jazarpen psikologikoaren aurrean. Aplikazio eremua ez da lantokira mugatzen; lanarekin lotutako beste alderdiak ere barne hartzen ditu, hala nola, joan etorriak, ekitaldiak, prestakuntza jarduerak eta komunikazio digitala. Protokoloak biktimaren zaintza, nahia eta beharrak erdigunean jartzen ditu eta, gainera, bizkortasuna, konfidentzialtasuna, intimitatea, inpartzialtasuna, errepresaliarik eza, berbiktimizaziorik eza eta biktimaren erreparazioa bermatzen ditu. Kontsulta, kexa bidezko prozedura informala, salaketa bidezko prozedura formala eta babeserako bestelako esku hartzea aurreikusten ditu eta, horretarako, eragileen zereginak eta prebentzio, prestakuntza, jarraipen eta ebaluazio neurriak zehazten ditu.
Tresna horien bidez, Soziolinguistika Klusterrak diskriminaziorik gabeko parte hartze parekidea, aniztasunaren aitortza eta jazarpenik gabeko ingurune seguru eta errespetuzkoa sustatzen ditu bere jarduera guztietan. Dokumentuak edonorentzat eskuragarri daude: www.soziolinguistika.eus/berdintasuna


