Saltatu eduki nagusira

Hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologien Eraikhitz Sistema ezagutzeko liburuxka argitaratu da

Soziolinguistika Klusterrak Eraikhitz sistema. Euskaraz elkar ulertzeko gure bidea liburuxka argitaratu du, Aldahitz ikerketa-proiektuaren baitan. Argitalpenak hizkuntza-ohiturak euskararen aldera aldatzeko garatutako sistemaren ezaugarri nagusiak aurkezten ditu, modu dibulgatibo eta ulergarrian. Liburuxka digitalki argitaratu da, eta modu irekian dago eskuragarri.

Galdera-erantzunen bidez antolatutako argitalpena da, Eraikhitz Sistema zertan datzan eta nola baliatu daitekeen azaltzeko. Besteak beste, sistemaren helburuak, onurak, erabakiak hartzeko moduak eta aplikaziorako epeak jorratzen ditu, baita sistema osatzen duten metodologien oinarrizko ezaugarriak ere. Enpresetako langileei, euskara-batzordeetako kideei, arduradunei, euskara-teknikariei eta aholkulariei zuzenduta dago, bereziki, hizkuntza-ohituren aldaketa sustatzeko baliabideak ezagutu nahi dituzten neurrian.

Hiru metodologia, sistema bakarrean

Eraikhitz Sistemak Aldahitz proiektuaren baitan garatutako hiru metodologia biltzen ditu, elkarren osagarri direnak. Uler-saioak metodologiaren bidez, euskaraz ulertzen ez duten pertsonak ahozko gutxieneko ulermen-mailara iristea bilatzen da. Ulerrizketa metodologiak, berriz, euskaraz ulertzeko gutxieneko maila bat dutenen eta hitz egiteko erraztasuna dutenen arteko dinamika berri bat proposatzen du, harreman horietan euskarari sarbidea emateko aukera zabaltzen duena. Azkenik, Eusle metodologia euskaraz denek ulertzen duten taldeetan erabiltzeko sortua da, taldeko hizkuntza-ohiturak euskararen erabileraren aldera eraldatzeko, euskarazko erabilerak gehituz borondatezko erronka kolektibo bati esker.

Hiru metodologiak sistema bateratu batean antolatuta, erakunde bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren eta beharren arabera esku hartzeko aukera zabaldu nahi da.

Urteetako ikerketaren eta garapenaren emaitza

2010ean abiatutako Aldahitz proiektuak hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak ikertzea eta aldaketa horiek errazteko metodologiak garatzea du helburu. Ibilbide horretan, ikerketa, esperimentazio praktikoa eta ezagutzaren garapena uztartu dira. Urteetan metatutako ezagutzak forma sistemikoa hartu du Eraikhitz Sistemaren bidez, eta liburuxka berriak ezagutza hori zabaltzeko beste urrats bat dakar.

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza-ohiturak aldatzeko metodologiak garatzen ditu euskararen biziberritzeari ekarpena egiteko. Lan horren gakoetako bat da herritarren artean kultura soziolinguistiko berria sortzea eta zabaltzea, euskararen erabilerarako aukera berriak ireki eta hizkuntza-ohiturak eraldatzen lagunduko duena.

Argitalpen berriak sistemaren lehen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Edukietan sakondu nahi dutenek, berriz, metodologia bakoitzari buruz lehenago argitaratutako lanak eta bestelako baliabideak dituzte eskura Aldahitz proiektuaren webgunean.

Lankidetzan garatutako proiektua

Aldahitz proiektua Soziolinguistika Klusterrak koordinatzen du, hainbat erakunderen lankidetzarekin. Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua dira proiektuaren babesle eta partaide. Ahize-AEK, Artez, Elhuyar, Emun eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua ere proiektuko partaide dira. Horrez gain, HABErekin lankidetzan garatzen da Uler-saioak metodologia.

Liburuxka modu irekian eskuragarri egoteaz gain, Aldahitz proiektuan parte hartzen duten pertsona, eragile eta enpresen artean ere zabalduko da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN