Euskal Hedabideen Behategia unibertsitateen eta euskarazko hedabideen arteko elkarlana zentro duen ikerketarako eta hausnarketarako espazioa da.
Euskarazko 50 komunikazio-proiektu baino gehiago biltzen dituen Hekimen elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak sinatutako akordioari esker posible izan da ezagutzaren transferentzia eta berrikuntzaren sustapena xede dituen gunea martxan jartzea. 2012an sortu zenetik, Hekimen elkarteak ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin zuen. Eskema horren baitan, euskarazko hedabideen eta unibertsitateen arteko zubiak eraikitzea funtsezkoa zela oharturik, elkarlana gorpuztuko zuen egitura sortu ahal izateko beharrezko urratsak eman, eta Behategia eratzeko konpromisoa hartu zuten Hekimenek, EHUk, Deustuk eta Mondragonek.
Euskarazko hedabideei eta hauek bizi duten ekosistema sozial eta mediatikoei erreparatzen dien antena da Behategia. Alde batetik, komunikabideek hizkuntza normalizatzeko eta hiztunen komunitatea trinkotzeko egiten duten ekarpena nabarmendu nahi du. Horretarako, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko proposamen berriak lantzen ditu.
Beste alde batetik, kontsumo mediatikoan gertatzen ari diren eta aurrerantzean ere gertatuko diren aldaketa sozioteknologikoek euskarazkoen sektoreari planteatzen dizkioten erronkak eta aukerak identifikatzea, eta horien aurrean alternatibak bilatzea du xede. Azkenik, adostasun berriak proposatu nahi ditu, hedabideak eraginkorragoak izan daitezen, eta jende gehiagorengana irits daitezen.