Helduentzako aranera ikastaroen helburua da herritarrak alfabetizatzea, batetik, eta bertakoak ez diren herritarren artean (gehienak hala dira) hizkuntza hori ezagutaraztea, bestetik.
Helduentzako hizkuntza-ikastaroak presentzialak dira eta lau mailatan banatuta daude taldeak: A1, A2, B1 eta C2. Zenbait tokitan ari dira klaseak ematen: Aran bailaran, Lleidako Unibertsitatean eta Bartzelonan. Ikastaroak urritik maiatzera arte izaten dira, eta guztira 60 eskola-ordu ematen dituzte. Matrikulazio-epea irailaren erdialdera zabaltzen da. Ikasturtearen amaieran (ekaina) proba ofizialak egiten dituzte, eta titulu ofiziala eskura daiteke, Conselh Generau erakundearen eskutik (Aran bailarako erakunde gorena, helduei hizkuntza hori irakasteko eskumena duena). Azterketen bigarren deialdia irailean egiten da. Maila bakoitzean bi eskola-ordu ematen dira astean. Eskolak presentzialak ez izateko aukera badago, baina ikasleak asistentzia-ziurtagiria nahi baldin badu, eskola-orduen % 80ra joan behar du.
A1 eta A2 mailak oinarrizkoak dira, eta ahozkotasuna lantzen da gehienbat; alderdi ortografikoaren eta gramatikalaren hastapenak ere ematen dira, baina betiere hizkuntzaren ahozko erabilerari begira. B eta C mailetan alderdi gramatikal eta ortografiko konplexuagoak lantzen dira, hizkuntzaren idazkera zuzen menderatzen ikasteko; ikasleak zuzen idatzi, irakurri eta hitz egitea da helburua, hizkuntza egoera linguistiko jakin bakoitzera egokituta erabiltzea eta gramatikalki eta ortografikoki zuzenak diren testuak idaztea.