Portugalgo ipar-ekialdeko muturrean, Alcañicesko hegoaldeko mugan, Angueirako erriberaren —mendebaldean eta hegoaldean— eta Duero ibaiaren —ekialdean— artean, bada herrixka-multzo bat, elkarrekin jarduteko bi hizkuntza erabiltzen dituena: portugesa eta mirandesa. Gaur egun, bi hizkuntzak diglosia-egoeran bizi dira elkarrekin. Portugesa alor guztietan erabiltzen da, eta mirandesak, berriz, erabilera murritzagoa du, familian eta herrixken arteko komunikazioan baino ez baita erabiltzen, oro har.
Egoera horretan, hiztun, irakasle eta Portugalgo unibertsitate batzuetako hizkuntzalari batzuk lankidetzan aritu ziren mirandesaren ortografian konbentzio bat lortzeko. Kontuan hartuta mirandesak historikoki antzinako leonerarekin duen lotura, egileek lehen "proposamen" bat egin zuten (1995ean), eta eztabaida publikora zabaldu. Eztabaida horretan, Espainiako eta, batez ere, Asturiasko zenbait hizkuntzalarik hartu zuten parte. Irizpide bateratuak, sistematikoak, argiak eta ekonomikoak bilatu eta ezarri zituzten, eta mirandeserako idazkera bateratua lortu zen.
Horretarako, lehenbizi, aldaera grafikoa laburtu nahi izan zen, bai eta prozesu fonologiko jakin batzuen idazkera grafikoaren argitasuna lortu ere. Tradizio grafikoaren jarraitutasuna izan zen kontuan, eta sinpletasuna eta malgutasuna zaindu. Horren ondorioz, konbentzio bat lortu zen mirandesa idatziz komunikatu ahal izateko.