1999an martxan jarri zen Euskararen Erabilera Areagotzeko Planaren prozesua. Errazenetik hasita helburu zehatzak landuz joan ginen: euskaraz ez zekitenei euskara ikasteko aukera eman, euskara zekitenen artean euskararen ahozko erabilera landu, enpresako paisaia linguistikoa euskaraz jarri eta idatzi arruntak eta orokorrak euskaratu. Apurka-apurka dokumentu teknikoak eta esparru informatikoa urratzen hasi ginen. Eta ondoren, enpresako lanpostu bakoitzak bete beharreko euskararen ezagutza zehaztu genuen.
Izan ere, hauxe da Eikak daukan misioa edo helburu nagusia: Eika Etxebarria barruan lan- eta zerbitzu-hizkuntza euskara izatea eta inguruan eragile moduan jardutea. Kanpo harremanetan ere euskara bultzatzea.
Helburu nagusia betetzeko gauza izango zen hizkuntza politika zehaztu genuen; euskararen erabilera arautu genuen, lau arlotan sailkatuta: Komunikazioa, kontratazioa, formazioa eta inbertsioak.
Hizkuntzaren bizitzari eragiten dioten Txepetxen hiru faktoretan oinarritu gara Euskararen Erabilera Areagotzeko Plana martxan jarri genuenetik: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Hiru faktore hauek dira, beraz, etengabe planifikatzen ditugunak, euskararen erabilera handitu ahal izateko. Honez gain, kudeaketari ere berebiziko garrantzia eman diogu, kudeaketa egokia ezinbestekoa baita planifikatutakoa gauzatu eta proiektua egoki bideratzeko.
Lortutako emaitzen erakusle da Eusko Jaurlaritzak luzatzen duen URREZKO BIKAIN ziurtagiria lortu izana; euskararen kalitatearen urrezko ziurtagiria bi aldiz lortu dugu, hain zuzen ere.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak 2015ean abian jarritako EUSLAN programan ere parte hartze dugu, gure esperientziak eta praktika onak egoera antzerakoan dauden enpresekin partekatzeko aukera ikusten dugu EUSLANen, euskara plangintza eraberritu eta, bereziki, gure enpresetan euskara lan hizkuntza izateko urrats sendoak eta iraunkorrak ematen jarraitzeko.
Hitzargiak
EIKA kooperatibako Euskara Plana
JARDUNBIDEA
Eika Koop. E.
HIZKUNTZA
Euskara