“Euskara Merkataritzara” Iruñerriko saltokietan euskararen erabilera handitzeko programa da. Udalerri bakoitzak bere kasa landu beharrean, guztiak elkartu eta sinergiak aprobetxatzeko martxan den programa bateratua da. Udalerri horietako edozein saltokik parte har dezake, borondatez, eta parte hartzea nahi duenari laguntza integrala eskaintzen zaio.
“Euskara Merkataritzara” programak Iruñerriko 9 udalerritako eta Garesko saltokietan euskararen erabilera bultzatzea du helburu.
Programa 1994. urtean jarri zen martxan, Burlatan. Geroztik, arian-arian, herri gehiago joan dira gehitzen eta, gaur egun, 10 udalerritara hedatu da: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia. Udalerri horietako udalek antolatzen eta sustatzen dute programa; horrela, guztiak elkartu eta sare gisa funtzionatuz, baliabideen optimizazioa lortzen dute; adibidez, irudi bateratua dute (logo jakin batekin), sare sozial eta berripaper bakarra erabiltzen da guztientzat…
Une honetan, guztira, 10 udalerri horietako 267 saltoki baino gehiago ari dira euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen; hala nola, tabernak, landetxeak, arropa-dendak, ile-apaindegiak, hotelak, diseinu tailerrak, botikak, ardotegiak…
Saltoki horiei hainbat zerbitzu eskaintzen zaie aipatu udaletatik:
● Doako itzulpen zerbitzua.
● Euskara ikasteko diru-laguntzak.
● Errotulu finkoetan euskara erabiltzeagatik diru-laguntzak.
● Teknikarien laguntza eta aholkularitza zerbitzua.
● Doako euskarriak: ordutegi-eredua; Zabalik/Itxita kartela; beherapenak iragartzekoak; fruta-denda, arrandegi eta harategietako horma-irudiak…
Programaren barruan bezeroei begirako egitasmoak ere egiten dira, euskara erabiltzen duten saltokien erreferentzialtasuna lantzeko helburuarekin; adibidez, euskaraz dauden errotuluei eta kartelei ateratako argazkiekin lehiaketa, euskarazko esamoldeak erabiltzera animatzeko mahai-zapiak eta ahozapiak tabernetan (“Proba egin euskaraz” kanpaina).
Hitzargiak
Euskara Merkataritzara Iruñerrian
JARDUNBIDEA
Euskara Merkataritzara Iruñerrian
HIZKUNTZA
Euskara