Hona zer den TELP: trebakuntza-ikastaro bat, non psikologian oinarritutako zenbait tresnaren bidez hizkuntza-interakzioko egoerei aurre egiteko baliabide batzuk eskuratuko ditugun. Deserosoak zaizkigun egoera horiei behar bezala aurre egiten ikasi nahi dutenentzat da TELP. Gero, beste jende batentzat portaera-eredu bihur daiteke jende hori.
TELP ez da hizkuntza-kontzientzia areagotzeko zuzeneko ekimen bat: hizkuntza-kontzientzia eduki arren, hizkuntza minorizatu bat mintzatzearen desabantailak pairatzen dituztenak ditu helburu, haien ongizate sozialari eta indibidualari kalte nabarmena egiten baitie egoera horrek. Portaeraren terapiatik, kirolaren psikologiatik, antzerkitik eta asertibotasunerako entrenamendutik hartutako teknikak eta metodoak erabiliz egiten da tailer hori, zeinaren bidez ikasiko baitugu erosoago sentitzen katalanez mintzo garela, eta, honenbestez, areagotu egingo baitugu norberaren ongizatea eta hizkuntzaren presentzia gizartean.Metodologiari dagokionez, teorikoa eta praktikoa da tailerra, interaktiboa, eta aplikatua izateko sortua da. Eduki teorikoaren bidez, hau lortuko dugu: gutxieneko ezagutzak eskuratuko ditugu, egoera jakin batean gizabanakook hizkuntza bat zergatik hautatzen dugun jakiteko. Mendetasunezko portaera ulertzen laguntzen dute ezagutza horiek.
Alde praktikoa, berriz, honetarako dago antolatua: gatazka linguistikoko egoerei zenbait modutara ekin dakiekeela sentiarazteko parte-hartzaileei. Teknika, ariketa eta joko ugariren bidez, egoera errealak lantzen dira, gure ohiko jarrerak aztertzen eta portaera aldatzen ikas dezagun eta, hartara, erosoago senti gaitezen gure hizkuntza erabiliz.