Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) VII. Nazioarteko Kongresua
2021an Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) VII. Nazioarteko Kongresua izango da Donostian. Kongresu horretan hizkuntzaren interakzionismo sozio-diskurtsiboarekin lotutako ikerketak partekatuko ditugu gure ezagutza eguneratzeko. Zazpigarren topaketa horretan garrantzi berezia emango zaio irakaskuntza eleaniztunari eta haren barnean hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko moduari.
Hau da Euskal Herrian (eta espainiar eta frantses estatuetan) egiten den lehenengo Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) topaketa. Ordea, Ginebrako Unibertsitateko gure kolaboratzaileen ekarpenei esker, Euskal Herrian ISDren eragina oso nabarmena izan da hizkuntzen eta haien trataeraren inguruko gaiei dagokienez, bereziki, hizkuntzen ikas eta irakas-prozesuen alorrean. Hainbat erakunde eta dokumentutan geratu da islatuta korronte horren eragina, dela ume zein helduen hizkuntzen irakaskuntzan (euskara nahiz beste hizkuntzena), dela hizkuntza-irakasleen prestakuntzaren arloan ere.
Ziur gaude nazioarteko ikertzaileen presentziak komunitate zientifikoari, oro har, eta euskal komunitateari, bereziki, aukera emango diola ikuspegi interakzionista eta sozio-diskurtsiboa zabaltzeko, bai eta hizkuntza-aniztasunari, hizkuntzen funtzionamenduari eta haien didaktikari buruz dugun ezagutza eta ulermena zabaltzeko ere, besteak beste, hizkuntzaren azterketa eta hizkuntzen irakaskuntza gero eta modu zientifiko eta eraginkorragoan landu dadin.
Mintzairaren jarduera egoera eleaniztunetan eta hizkuntza gutxituetan hobeto ezagutzea gure interesgune nagusia izateak ISDaren ikuspegia zabaltzera garamatza eta beste hurbilbide batzuei lekua egitera, adibidez, tradizionalki soziolinguistikarekin lotutakoak, kontuan hartu nahi baititugu hizkuntza gutxituen hiztun berrien azterketak zein hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuei buruzko ikerketak.
Hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituei dagokienez, UNESCOren gomendio eta ekimenak ditugu batetik; hizkuntza aniztasunaren eta hezkuntza elaniztunaren (2014) alde egiten dute, hizkuntza indigenen biziberritzearekin batera (IYIL 2019). Bestetik, Europako Kontseiluaren proposamenak (2019) ere baditugu, herritar guztien eleaniztasuna sustatzeko beharra nabarmentzen dutenak.
Gure aburuz, hizkuntza gutxituak integratzen dituen irakaskuntza eleaniztuna da hizkuntza-aniztasuna babestu eta garapen iraunkor globala bermatzeko era bakarra.
Adimenak eta hitzak elkarrenganako duten lotura kontuan izanik, argi dago hizkuntzak ez direla ezaguna den egia adierazteko tresnak, baizik eta, horri kontrajarriz, lehendik ezezaguna zen errealitate bat ezagutzekoak. Hizkuntza aniztasuna ez dago soinu eta zeinuei lotuta, mundua ikusteko aniztasunari baino (Humboldt, 1820/2000, p.101, apud Bronckart, 2017:10).