Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Euskara Kirolkide

Euskara Kirolkide proiektuak 2020. urtean ekin zion bere ibilbideari, helburu nagusi honekin: kirol kluba euskararen babesgune gisa definitzea. Hau da, euskararentzako kirol aisialdi babestua zertan datzan zehaztu nahi da, kirol kluben ikuspegitik. Proposamen praktikoak irudikatu nahi dira kirol klubentzat, babesgune izateko bide hori egin dezaten.

Proiektuaren abiapuntu D ereduko kirola (2016-2018) ikerketa-proiektua da. 2018. urtean amaitutako ikerketa horren ondorioetan agertu zen, besteak beste, kirol klubak euskararentzako gune babestu bilakatzeko beharra, gazteen eskolaz kanpoko aisialdian euskarak presentzia handiagoa har dezan. Gune babestu hori sortzeko funtsezkoa da kirolak oso bereak dituen ezaugarriak kontuan izatea esku-hartzeak diseinatzean. Horretarako, kirol eremuan parte hartzen duten protagonistekin edukia kontrastatzea funtsezkoa da.

Hori dela-eta, ikerketa-urrats hauen bidez ari da garatzen proiektua:

2020an, literatura zientifikoaren azterketa egin zen, eta gazteak eta euskarari buruzko oinarri teoriko-kontzeptuak eguneratua osatu zen, arreta berezia ipiniz aisialdiaren eta kirolaren eremuari. Proiektuaren oinarri gisa baliatzeko Lanketa Teoriko Aplikatua irakurgai dago, baita honetan oinarrituz osatutako artikulu zientifikoa ere (Bat Soziolinguistika Aldizkarian argitaratua).

2021ean, landa-lanaren lehen fasea garatu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko sei kirol klubetan murgilduz gauzatu da landa-lana: Bera Bera RT, Gaztedi Rugby Taldea, Gernika Rugby Taldea, Judizmendi Igeriketa Kluba, SD Amorebieta eta UDA Aretxabaleta.

Ikerketan eskuratutako edukiak balio praktikoa izan dezan, ikertzeko modua eraldatu da, hiru gidalerro oinarritzat hartuta: ezagupen ibiltaria (mugimenduan dagoen pentsamoldearen eraikuntza), zentzumen-etnografia (ikerlaria testuinguruarekin harremanetan jarriz eraikitzea) eta ezagupen eraldatzailea (testuinguruan eragitea, aldaketa bultzatzea).

Horretarako, metodologia kualitatiboa erabili da. Aurrez aipatutako sei klubetan 28 behaketa-saio eta 30 elkarrizketa egin dira, bertako zuzendaritza-taldekideekin, langileekin zein boluntarioekin, kirol klubak euskararen babesgune bihurtzeko egin daitekeena irudikatzeko.

Egindako lana eta klubetan ikusitakoa, jasotakoa eta bizitakoa partekatzeko, www.euskarakirolkide.eus webgunea sortu da. Bertan, proiektuaren nondik norakoak xehetasunean ezagutzeko informazio ugari biltzen da testu, audio, bideo eta argazki formatuetan.

Horrez gain, proiektuaren barnean, kirol arloko eragileekin mintegiak egin dira, sortzen ari diren tresna praktikoaren kontraste-lanetarako.

Zuzendaria: Jone Miren Hernandez (UPV/EHU – Antropologia Feminista Ikerketa Taldea (AFIT))
Bulegoko langileak: Maialen Iñarra Arregi
Partaideak Nekane Jauregi (GFA – Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza)
Beñat Egues (GFA – Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza)
Jon Aizpurua (EJ – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
Danel Lauzirika (EJ – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
Oihana Zunzunegi (GFA – Kirol Zuzendaritza)
Joseba Angulo (EJ – Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza)
Estiñe Astorkia (Artez Euskara Zerbitzua)
Aritz Olagoi (Kirolean Euskaraz)
Ikerlariak Jaime Altuna Ramirez (UPV/EHU – Antropologia Feminista Ikerketa Taldea (AFIT)).
Lucia Moreno Ortega. Antropologoa.
Josu Ozaita Azpiroz. Antropologoa.
Uxue Ruiz Romo. Antropologoa.
Edurne Urrestarazu García. Antropologoa.
Klubak Bera Bera RT
Gaztedi Rugby Taldea
Gernika Rugby Taldea
Judizmendi Igeriketa Kluba
SD Amorebieta
UDA Aretxabaleta
Babesle-laguntzaileak     Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
Nafarroako Gobernua. Euskarabidea Institutua