Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Hitzargiak

Aurkezpena

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoak Europako hizkuntza-aniztasunaren alde egiten du, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateen arteko harreman berriak sortu eta jadanik existitzen direnak indartuko baititu. Zenbat eta hizkuntza-komunitate gehiago aktibatu eginkizun honetan, orduan eta aukera gehiago izango da emaitza arrakastatsua izateko.

Hiztun-komunitateek erabili izan dituzten mota guztietako jardunbide egokiak ditu ardatz proiektuak. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai sortu dituzten komunitateentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun-komunitate hainbatentzat ere.

Jardunbide egokiak ezagutzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, ikuspegi globala eta lokala uztartuz gainera, nazioarteko mugimendua sendotu.

Horrenbestez, jardunbide egokiak biltzea eta webgunean erakustea du helburu Hitzargiak proiektuak, bai eta hizkuntzak biziberritzen diharduten erakundeak elkarrekin harremanetan jartzea ere. Horretan du jarria arreta eta jomuga. Jardunbide egokiak argi gisa daude ikusgai mapa batean, dagokien hizkuntzaren eragin-esparruan kokatuta. Hizkuntzak biziberritzeko jardunbideak jaso ahala, mapan erakutsiz joango dira hizkuntza horiek, eta, hala, ikusiko da jardunbide bakoitza zer hedadurako hizkuntzan jarri den martxan.

Laguntzaileak

Topaketa non eta noiz izan zen

NOIZ

2016ko ekainaren 23an (osteguna) eta 24an (ostirala).

NON

ORONA Fundazioaren ORONO IDEO eraikinean, Hernaniko Galarreta auzoan.