“Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak. Udalerri mailako analisia” txostena argitaratu da

Soziolinguistika Klusterrak 2018. urte hasieratik hona landu du proiektua eta bide horrek emandakoaren laburpena argitaratu du orain, txosten forman. EAEko udalerriak izan dira azterketa unitatea eta horietan aldagai soziolinguistikoek bestelako aldagai soziodemografikoekin duten loturan sakonduz osatu da azterketa.

Natxo Sorolla, Olatz Altuna eta Imanol Larrea ikerlariek gidatu dute proiektua eta orain arteko ondorioetatik bestelako ikerketa-ildoak zabaltzea aurreikusten da.

IKUSI EMAITZEN TXOSTENA

http://www.soziolinguistika.eus/erabilerafaktoreak

Soziolinguistika Klusterrak urte asko daramatza euskararen erabilerari buruzko datuak jasotzen. Azken urteotan ehun bat herrietako kaleetako datuak bildu ditugu, zehaztasun handiz. Datu multzo handi horren interpretazioan sakontzeko aukera eta beharra ikusi zen eta helburu hori betetzera asmoz abiatu zen ikerlan hau 2018 urtearen hasieran. Euskararen erabilerarekin lotura duten faktore soziolinguistikoen eta soziodemografikoen azterketa egin da. Azterlan honek hurbilpen estatistiko kuantitatibotik heldu nahi dio euskararen erabilerarekin lotzen diren faktoreen identifikazioari. Horretarako, hainbat aldagai soziolinguistiko eta soziodemografiko baliatu  dira.  Aldagai  soziolinguistikoen  artean  bi  dira:  hizkuntzaren  ezagutza  eta lehen hizkuntza. Aldagai soziodemografikoen multzoa, berriz, oso zabala da: hezkuntza-eredua, biztanleriaren adina, jatorri demografikoa, migrazio-saldoa,  udalerriko  biztanleriaren  tamaina,  jaiotza-tasa,  heriotza-tasa,   hazkuntza   begetatiboa,   lan-mugikortasuna,   hezkuntza-mugikortasuna, egoera zibila, familia eredua eta tamaina, ikasketa-maila, lan-gabezia-tasa,  establezimenduak,  barne-produktu  gordina,  errenta,  balio  erantsi gordina, nekazal lurzoruaren banaketa eta lurraren okupazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herriak dira analisi-unitatea, eta horien  kaleko  erabilera-portzentajeak  eta  etxe-giroko  erabilera-portzentajeak dira ikerketaren ardatza.

Natxo Sorolla ikerlari aragoiarra arduratu da azterketa estatistikoa bideratzeaz. Natxo Sorolla doktorea, soziolinguistika katalanari buruzko ikertzaileak pertsonen arteko harreman sareek hizkuntza gutxituen erabileran duten eraginaz ikerketzen dihardu eta gai hau  lantzen du bereziki interneteko bere blogean: Xarxes socials i llengues. Esperientzia zabala du lurralde katalanetan egin diren ikerketa soziolinguistikoetan eta hainbat unibertsitatetan dabil lanean. Xarxa CRUSCAT ikerlari sareko kide da eta Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkari zientifikoan ere badihardu. Sorollaren kanpo begirada, gure errealitate soziolinguistikoaren adierazleak aztertzeko mesedegarria edo interesgarria izan zitekeelakoan egin zitzaion proiektuaren parte izateko gonbidapena.

Lehen azterketa estatistiko hori oinarri gisa hartuta, tokiko errealitatearen ezagutza eta analisiek emandakoaren interpretazioa jartzea Soziolinguistika Klusterraren esku geratu da. Olatz Altuna eta Imanol Larrea arduratu dira gertuagoko begirada hori, kontrastea eta interpretazioaren bigarren faseaz. Honela, bi norabidetatik lan mamitsua osagarritu da.

2019

Ondorioek erakutsi dutenez, ezin esan daiteke honako hau azterlan amaitua denik. Hainbat dira irekitako bideak eta aukerak. Ikertzen jarraitu beharra dago, konplexutasun handiko alor honetan fokua galdegai egokietara orientatu, eta, teknika kuantitatiboak nahiz kualitatiboak erabiliz, errealitate soziolinguistikoaren gako nagusiak argitzen saiatu. Hala, 2019an ikergai beraren alderdi kualitatiboari erreparatuko zaio; erabilerari buruzko portzentajeen eta zenbatekoen ordez, herritarren arrazoibideak eta iritziak jaso eta analizatuko dira. Gehiegizko hedadura edo dispertsioa saihesteko, ikerketa gazteen adin-tartera mugatuko da. Gazteen ikuskerak, bizipenek eta hizkuntzarekiko jarrerak zer esan handia dute hizkuntzaren biziberritzean, eta bide erakusle gerta daitezke, hein batean. Lau herritan burutuko dugu ikerketa kualitatiboa, eta 2020ko otsaila aldera argitaratuko dira emaitzak.